Elkarrizketak

Unai Arzubiaga, Ibilaldia: "Ikastola herrira are gehiago zabaldu nahi izan dugu"

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 13a, 08:04

Ibilaldia ikastolako komunitateak antolatu du, auzolanean.

Maiatzaren 26an ospatuko dute Ibilaldia, Algortan. Aurten, San Nikolas Ikastolak hartu du jaialdia antolatzeko ardura eta, iragarri dutenez, halakoetan eskarmentua izan arren, erronka handia izan da halako ekimen handi bat antolatzea. Horretarako, euren komunitatearen laguntza eskertu dute, auzolanean antolatu baitute dena: "Geure esker beroena haientzat". Horretaz guztiaz aritu gara Unai Arzubiaga San Nikolas Ikastolako lehendakariagaz eta, aurreratu duenez, bihar, maiatzaren 14an, emango dute egitarauaren berri, Bilbon.

Hasteko, defini ezazu Ibilaldia berba gutxitan.

Herri ekimen bat; Ikastolak bere inguru hurbilarekin batera antolatzen duen jai handi baina herrikoia.

San Nikolas Ikastolarentzat, zer suposatzen du Ibilaldi bat antolatzeak?

Bada, San Nikolasentzat erronka handia da honelako ekimen bat antolatzea, ilusioa, zirrara eta lana eskatzen duena. Hala ere, aldi berean, barne kohesioa lantzeko eta euskalgintzaren alde Ikastolaren lan eskerga herriari plazaratzeko aukera eskaintzen du.

Ikastola, baina, ez da hasiberria zeregin horretan, daborduko bosgarrenez heldu baitio erronka horri. Are, lehenengo Ibilaldia antolatzearen ardura hartu zuen, 1978an. Eskarmentu hori lagungarria izan zaizue?

Bai, baina edizio bakoitzak bere lana du, bere testuinguruari begirako baldintzak baititu, eta, gainera, belaunaldi ezberdinek antolatu baitituzte. Horrek gogoeta bat egitera eraman gaitzake, eta hori da San Nikolas belaunaldiz belaunaldi eraberritzen ari den ikastola bat dela. Berbarako, azkenekoz 2002koa antolatu zuten horiek, gaur egun agian ez dute bazkide aktibo jarraituko, baina beti egongo dira nolabaiteko bultzada emanez. Belaunaldi ezberdinen arteko auzolan horrek indartsu egiten gaitu. 

Auzolanean antolatzen den jaia izanik, zelako lantaldea dago honen guztiaren atzean?

Lan karga handia da, eta, hori aurrera eramateko batzorde ezberdinak osatu ditugu. Bakoitzak bere zeregina du, gai banari lotuta, eta nahiko modu autonomoan ari dira lanean, baina betiere beste batzorde orokor batekin koordinatuta uneoro.

Zeintzuk dira batzorde horiek?

Arropari dagokion bat dago, oso indartsu dabilena; jende asko dago horretan lanean, asko eta asko ilunpeko zereginetan. Kulturari lotutako beste bat dugu, urte osoan zehar askotariko ekimenak antolatzen aritu dena. Azpiegiturei begira, beste bat dugu; babesleak lortzera bideratutako beste bat; eta jasangarritasunari lotutako beste bat: erronka garbia deitzen dioguna. Azken hau berria da, eta guretzat garrantzi handia du horrek, Ikastolaren nolabaiteko oinarriekin bat egiten duelako. 

2024eko Ibilaldiaren kultur eskaintzaren aurkezpena. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

Zeintzuk neurri hartuko dituzue Ibilaldiaren jasangarritasunari bide egiteko?

Hor badaude zenbait jarraibide, besteak beste, Ihobe erakundeak zehaztutakoak. Gure kasuan, zortea izan dugu Ikastolan baditugulako horretan adituak diren hainbat pertsona, eta, horri esker, jaialdiko ekimen guztiak modu jasangarrian antolatzen eta egiten saiatu gara, eta, hein batean, esango nuke lortu dugula ere.

Batzorde horietan, San Nikolas Ikastolako langileez gainera, gurasoak, ikasleak, ikasle ohiak eta abarrak ere badaude, ezta?

Bai, denetarik dago, eta hori da dugun aberastasun handienetako bat. Esan badugu Ibilaldiaren kanpora begirako helburua dela Ikastola plazara ateratzea, barne helburuetako bat da barne-kohesioa, eta horretarako behar-beharrezkoa da denok elkarrekin egotea. Eta hau ere jarriko nuke hizki larriz: herriari begirako ekintza bat denez, herriko hainbat eragile ere egongo dira bertan.

Maiatzaren 26ko egun handiaz gainera, Ibilaldiak bestelako hamaika ekimen eskaini ditu hilabeteotan…

Bai, egun handia da hori, baina Ibilaldiaren nolabaiteko hasierako pausoa aurreko jaialdia amaitu eta hurrengo egunean hasten da. Beraz, iaztik ari gara hainbat ekimen prestatzen, kulturari, kirolari eta beste gai batzuei lotutakoak. 

"Ikastolak bere inguru hurbilarekin batera antolatzen duen jai handi baina herrikoia da"

Eta maiatzaren 26a bera zelako eguna izango da?

Dagoeneko kasik erabat antolatuta daukagu dena; gauza gutxi falta dira lotzeko. Ibilaldi batean guneak izan ohi dira protagonistak, eta, aurten, lau izango ditugu: lehenengoa, ikastola bera, bertan emango zaio hasiera jaiari, 11:00etan, ekitaldi instituzionalarekin; bigarrena, San Nikolas plaza eta haren inguruak; hirugarrena, Portu Zaharreko beheko zelaigunea; eta azkena, Ereaga hondartza. Nahiko kutsu urbanoa eman diogu, San Nikolas Ikastola bera herrikoia delako eta herrian txertatuta dagoelako.

Zein izango da gune bakoitzaren berezitasuna, edo nori zuzenduta egongo da horietako bakoitza?

Egia esan, denetarik egongo da gune guztietan. Familian zein lagun-artean gozatzeko parada egongo da. Egiari zor, badaude zenbait eskaintza adin tarte bati zuzenduago egon litezkeenak, besteak beste, Goazen, 4. gunean; musika eta kontzertuak ia etengabe 3. gunean; euskal dantzak zein Beleren kontzertua 2. gunean; bertsolariak, magia eta tailerrak 1go gunean… Eta beste hamaika sorpresa gehiago! 

Noiz jakinaraziko duzue behin betiko egitaraua?

Maiatzaren 14an Euskaltzaindian eskainiko dugun prentsaurrekoan. Hala ere, aurreratu dezakeguna da orotarikoa izango dela, jende eta adin guztiei begira dagoena.

"Ibilaldia antolatzeko, gai bakoitzari dagokion batzorde bana antolatu dugu, hala nola arropari lotutakoa, azpiegiturei begirakoa eta, berritasun gisa, jasangarritasunari lotutakoa"

Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidak antolaketa-lanetan bete-betean harrapatu zaituzte. Testuinguru horretan, ikastolen papera zein den jarri da askotan mahai-gainean; bada, zer nolako garrantzia du gaur egun San Nikolas Ikastola bezalako hezkuntza-zentro baten baloreak defendatzea edo azaleratzea?

Bai, bete-betean harrapatu gaitu lege-egitasmo horren baitan sortu zen ika-mika. Alde bien arteko talka gogor bat egon zen, baina, egia esan, gu ez gara talka horretan ongi islatuta sentitu. Gu herri-izaeradun kooperatiba bat gara, eta jendeak aspalditik ezagutzen gaitu. 

Gure baloreetako bat da inklusibo izatea, eta Ibilaldia izan daiteke horren ispiluetako bat gero eta gehiago izateko. Eta gero eta gehiago izate horretan sartzen dira oraindik ere euskaraz bizi ez diren horiek. Gure egin nahi ditugu, eta horiekin partekatu nahi dugu guk daukagun altxor handi hau.

Inklusibo izateaz gainera, zeintzuk dira San Nikolas Ikastolaren baloreak?

Baditu hainbat balore oinarri moduan hartzen direnak, eta zehazki dira: euskalduntasuna, bizikidetza, inklusibitatea, hezkidetza, euskal herritartasuna, inguruarekiko ardura, hezkuntzan kalitatea eta hobekuntza, lankidetza eta partaidetza, unibertsaltasuna eta publikotasuna. Beraz, saiatu gara balore horiek guztiak, hein handi batean behintzat, txertatzen Ibilaldia izango den jaialdi horretan, bakoitza egitasmo baten baitan, edo auzolana bezala zeharkakoa izan daitekeen antolaketa lan horretan.

1963an sortutako ikastola bat da San Nikolas; zelan aldatu da proiektua orduko hartatik gaur egunera?

Gizartearekin batera aldatu den hezkuntza zentro bat da, oso herrikoia, herrian oso txertatuta dagoena. Hasieran, frankismo garaian, klandestinoa zen ikastola bat zen, bederatzi familiaren ekimenez sortutakoa; ordutik, politika-aldi ezberdinetara egokitzen jakin du eta, gaur egun, 750 familia inguru dago horren barruan, 1.150 ikaslerekin.

"Txonbo" da aurtengo leloa. Zer dela eta?

Hitza bera indartsua da, eta baita esanahia ere. Txonbo egiteak esan nahi du uretan murgiltzea, eta horixe da guk egin nahi dugun deia: bultzada eman jendeari euskaran murgildu dadin, inolako zalantza barik eta inolako konplexu barik. Gainera, euskarazko hitza izanik ere, erdal hiztunek ere erabiltzen dute. Hori horrela, aproposa iruditu zitzaigun islatzeko euskarak ere asko duela eskaintzeko inguruari eta gainontzeko hizkuntzei.

Horregaz batera ere, bideo-klipa argitaratu zenuten martxoan. Horretarako, inguruko jendea izan zenuten bidelagun; zelakoa izan da esperientzia?

Gure hautua izan zen, nolabait, kilometro zeroko edo gertuko jendearekin egitea. Bagenekien askotariko jendea dugula inguruan, jakintza arlo ezberdinetakoak, tartean, musikari lotutakoak eta sortzaileak. Eta oso onak, gainera, maila handikoak. Alabaina, garrantzitsua izan zen dena koordinatzea, eta horretarako batzorde propio bat sortu genuen. Hala, zenbait gurasok eta musika-adituk euren ekarpenak egin zituzten. Letra Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) sortu zuen. Emaitzarekin oso pozik gaude, eta bideo-klipak oso harrera ona izan du.

Zelako Ibilaldia aurreikusten duzu?

Gu ziur gaude, eguraldia lagun, arrakastatsua izango dela. Arrakasta izango du ditugun kultur ekitaldiengatik, eskaintza oso oparoa delako. Gainera, Getxo bera oso erakargarria da, eta baita oso irisgarria garraio publikoaren aldetik ere. Herriko jendeak ere gozatzeko parada handia izango du.

Horrez gainera, Ibilaldiak berak helburu ekonomikoak ere baditu; zer asmo duzue lortutako diruagaz?

Bai, Ibilaldia antolatzeko ardura eskatzerakoan argi genuen ez genuela helburu bakar bat. Alde batetik, euskara eta euskal kultura ardatz dituen ikastola herrira are gehiago zabaltzeko aukera eskaintzen digu honek, baita herriko eragile, erakunde eta taldeekin harremanak sendotzeko ere. Bestetik, finantzaketari dagokionez, pedagogia berrietara egokitzeko baliabideak sortze aldera, bagabiltza Haur Hezkuntza eta espazio anizkoitzak hartuko dituen eraikin berri bat sortu nahian, eta nola ez, Ibilalditik ateratzea espero dugun diru gehigarri horrek berebiziko laguntza emango liguke hori aurrera eramateko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun