Getxo Rugbyk Iberdrola Ligara igotzeko finala jokatuko du domekan

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 13a, 09:50

Getxo Rugby taldeko kideak, artxiboko irudian. ยฉ IBON ANGULO

Esan, eta egin. Getxo Rugby taldeko emakumeek joko bikaina erakutsi zuten atzo, domekan, Pingüinas Rugby Burgos taldearen aurka jokatu zuen partidan. Norgehiagoka hori irabazi behar zuten igoerarako pauso bat aurrera eman eta finalerako txartela eskuratzeko, eta halaxe egin dute hori-beltzek, 29-10 etxean irabazita. Orain, Cisnerosen aurka neurtu beharko dituzte indarrak, domeka honetan, hilaren 19an.

Aurreikusitakoa beteta, partida oso estua izan zen, eta lehen minutuetan etengabeko borrokek ez zioten aurkari bati besteari gailentzen utzi. Naia Goirienak estreinatu zuen markagailua, eta Naroa Azpitartek bihurtu zuen transformazioa 6. minutuan (7-0). Horren ostean, partida kolpe askoko fasean sartu eta erritmoa moteldu zen. Getxo gogor saiatu zen markagailua handitzen, baina ez zuen lortzen.

Etsi barik, getxoztarrak birritan egon ziren entseguak egiteko zorian, baina bisitariek gogor geldiarazten zituzten erasoak. Halako ekintzetako batean, entsegu-gunetik gertu, bisitarien kolpe baten ondoren, 35. minutuan, Getxokoen Eva Rincon kanporatu egin zuten, kontrako bati eraso bsategaz erantzun ostean, txartel horia ikusi zuena joko zikinagatik. Hala, etxekoak jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren gainerako partidarako.

Bigarren zatian, getxoztarrak nagusi izaten hasi eta lehen kolpean zutoinak bilatu zituzten, Naroa Azpitartek bikain aurkitu zituen arte (10-0, 43. minutua). Markagailuko distantzia horren aurrean, bisitariak erasoan murgildu ziren. Etxekoen entsegu-gunera ia hurbildu gabe, zentratutako kolpe bat bilatu, eta makilen artean sartu zuten, 58. minutuan (10-3). Jarraian, hurrengo jokaldian, ekintza isolatu batean, bisitariek etxekoen defentsa hautsi eta oposiziorik gabe bere lehen entsegua lortu zuten (10-10, 59. minutua).

Partida berdintzen eta zailtzen ari zen Getxorentzat, jokalari bat gutxiago zutela eta Burgoseko jokalariak konfiantzaz gainezka. Lehia horretan, etxekoek makiletara jo zuten hurrengo kolpea, baina ez zuten zorterik izan. Ekin eta ekin jarraitu zuten, euren jokorik onena erakutsi guran, jokoa bizkortuz. Horrela, Itsaso Reina kapitainaren bitartez, goizeko bigarren entsegua eta Azpitarteren transformazioa (17-10, 66. minutua) batu zituzten.

Bisitariak erreakzionatzen saiatu ziren, baina ezin zuten ezer egin etxekoen minuturik onenen aurrean. Euren jabetzak ezin hobeto kudeatzeaz gain, abantaila are gehiago handitu zuten getxoztarrek, beste entsegu bategaz. Eraso-ekintza oso azkar baten ondoren, alde batean nagusitasuna bilatuz eta baloia kontraraino eramanez, Miriam Hammersleyk entsegua egin zuen, eta Azpitartek beste eraldaketa bat (24-10, 72. minutua).

Getxokoek euren alderik onena erakutsi zuten bigarren zatian, lehenengoan jokalari bat gutxiago bategaz gelditu ondoren. Hala, partidua ia erabakita, presiorik gabe, hori-beltzek jokorik onena erakusten jarraitu eta laugarren entsegua lortu zuten Barbara Pla beteranoari esker (29-10, 78. minutua). 

Finalaurrekoa irabazita, Cisnerosen aurkako finala izango dute aurrez aurre, domekan, Iberdrola Ligara igotzeko azkenengo pauso gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun