Ibilaldiak badu egitaraua!

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 14a, 12:26

Gaur goizean Bilbon egindako aurkezpenean, 2024ko Ibilaldiaren egitarauaren berri eman du Getxoko San Nikolas Ikastolak. Arduradunek diotenez, familia zein lagunakaz euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea gura dute: "Ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaldu nahi dugu".

Getxoko kaleak inbadituko ditu Ibilaldiak maiatzaren 26an, musika, dantza, kolore eta tradiziozko uholde urdin bategaz. Aurten, Bizkaiko ikastolen jaiak lau gune izango ditu, "publiko guztiarentzat esperientzia paregabea eta anitza sortuz", azpimarratu dute Unai Arzubiaga San Nikolaseko presidenteak eta Gaizka Arrizabalaga ikastetxeko zuzendariak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, egitarau "inklusiboa eta parte-hartzailea" osatu dute, publiko guztiari zuzendutakoa. "Hasieratik, adinaren araberako segmentazioa saihestuko duen esperientzia inklusibo bat sortu nahi izan da, gune guztietan haur, gazte eta nagusientzako jarduerak eskainiz".

1.gunea San Nikolas Ikastola - Ibilaldiaren bihotza

Ibilaldiaren bihotza San Nikolas Ikastolan dago, bertan jaio baitzen duela 30 urte baino gehiago. Ikastolak historia aberatsa eta euskal kulturarekiko konpromisoa ditu, eta Ibilaldiaren muina izango da. Gune horretan emango diote hasiera egunari. Hasiera ekitaldian, bertako ikas-komunitateaz aparte, inguruko agintariak eta beste ikastoletako ordezkariak izango dira gonbidatu gisa. "Ikastolan hasi eta herrira luzatuko dugu jaia".

Ikastola gunean egun osoan zehar tradizioak bat egingo dute modernitateagaz, eta euskal musika eta dantza ikuskizunez gain, Haur Hezkuntzako Topaketez, Herri bazkariaz eta askoz gehiagoz gozatzeko gune bat izango da.

Egitaraua
  • 11:00-13:00 Erronka
  • 11:00-12:00 Itxartu dantza-taldea
  • 11:00-13:00 Topaketa HH
  • 12:30-13:30 Tor Magoa
  • 13:00-14:00 Zurrumurruen aurkako ipuin-kontaketa
  • 13:30-14:30 Kadira
  • 13:30-15:00 Aurpegi margoztu eskulanak
  • 14:00-15:00 Herri-bazkaria
  • 15:00-16:00 Bertsolariak
  • 16:30-17:30 Yogurinha
  • 17:30-19:00 DJ Kaktus

Klima aldaketa tailerra eta puzgarriak.

2. gunea San Nikolas plaza eta inguruak - Herriko kulturarekin topaketa

San Nikolas plaza eta inguruak agertoki bihurtuko dira Ibilaldiaren egunean. Gune honetan, bisitariek kontzertuak, kalejirak, antzerki emanaldiak eta artisautza erakusketak izango dituzte. San Nikolas plazak garrantzi berezia du ikas-komunitatearentzako, plaza hau baita elkartoki urte osoan zehar, bai familientzako eta baita ekitaldiak burutzeko ere. "Getxoko kulturan eta tradizioetan murgiltzeko topagune ezin hobea izango da", azpimarratu dute.

Egitaraua
  • 11:00-12:00 Kimetz eta Biotz Alai
  • 11:00-13:00 Topaketa LH 5-6
  • 11:00-13:00 Erronka DBH 3-4
  • 12:30-13:30 Zasi Eskola eta Agurra dantza-taldea
  • 13:00-15:00 Herri kirolak
  • 13:30-15:30 Haszten
  • 14:00-15:00 Kontzertua: Zuriketan Beltz
  • 15:30-19:00 Tailerrak Eskubeltz eskaut taldea
  • 15:30-17:00 Itxas Argia dantza-taldea
  • 18:00-19:00 Kontzertua: Bele

Puzgarriak eta azoka.

3.gunea Algortako Portu Zaharra - Itsasoari eta tradizioari omenaldia

Algortako Portu Zaharrak, bere marinel xarma eta historia aberatsagaz, Ibilaldiaren 3. gunea hartuko du. "Gune paregabe honetan, bertaratuko direnek mota ezberdinetako ekintza eta ikuskizunez gozatu ahal izango dute", iragarri dute. Gazteek euskal musika taldeak zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Egitaraua
  • 11:00-12:00 DJ Muxutritzzzz
  • 11:00-13:00 Topaketa LH 1-2
  • 12:30-13:30 Kontzertua: Nazka
  • 13:00-15:00 Zirku tailerra
  • 14:00-15:00 Kontzertua: Itziarren Semeak
  • 15:30-17:00 Kontzertua: Xiberoots
  • 17:00-19:00 DJ Bull

Suhiltzaileak, Euskaltel Txirrindularitza tailerra.

4.gunea Ereagako hondartza - Herriguneko hondartza

Ereagako hondartzan familia guztientzako ekintzak eskainiko dituzte. Hondartza honek 800 metroko luzera izanik, aisialdirako eta gozamenerako Getxoko leku enblematikoa da, eta agertoki ezin hobea izango da Ibilaldiaren bizitasuna eta alaitasuna ospatzeko.

Egitaraua
  • 11:00-11:30 Estitxu Robles
  • 11:00-13:00 Topaketa LH 3-4
  • 12:00-13:30 Zunba
  • 13:00-16:00 Egurrezko jolasak
  • 14:00-15:00 Kiki, Koko eta Moko pailazoak
  • 15:30-16:30 Goazen
  • 16:30-17:00 Bits festa
  • 17:00-19:00 Bidean erromeria

Zientzia eta jasangarritasuna gunea, Euskrania eta Atfal (Sahara), egun osoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun