Andra Mariko jaietan izandako eraso lesbofoa gaitzetsi eta arbuiatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2024ko mai. 17a, 09:55

Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratze bat, Algortan, artxiboko irudian.

Getxon emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloa aktibatu du Udalak, joan den domeka goizaldean Andra Mari auzoko jaietan emakume gazte batek jasandako eraso lesbofoboaren berri izan ostean. UKatu sexu-genero disidenteen asanblada transmaribibolloak elkarretaratzea egingo du gaur, Leioan, eraso hori salatzeko.

Getxoko Udalak gogoratu du indarkeria matxista giza eskubideen urraketa dela, eta batez ere emakumeei eragiten dieten genero-desberdintasunen adierazpenik larriena dela, bai eta sexu-orientazioagatik, identitateagatik edo genero-adierazpenagatik indarkeria eta diskriminazioak jasaten dituzten pertsona guztiei eragiten diena ere. Hori horrela, bere gaitzespen irmoena agertu du, eta "beste emakume batzuekaz afektiboki eta sexualki erlazionatzen diren emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak" arbuiatu ditu: "Edozein eraso LGTBIfobikoarekiko tolerantzia zero agertzen dugu".

Era berean, bere elkartasuna agertu dio biktimari, baita bere babes osoa adierazi ere. Azkenik, gogoratu du emakumeen eta LGTBI pertsonen aurkako eraso guztiek erro bera dutela: "matxismoa".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun