Iberdrola Ligara igotzeko partida jokatuko du Getxo Rugbyk domekan, Faduran

Erredakzioa 2024ko mai. 17a, 13:10

Taldeko kideak, talde argazkian. © GETXO RUGBY

Beste urte batez, Getxo Rugbyko emakumezko seniorrak Ohorezko B Mailako finala jokatuko dute etxean. Domekan izango dute hitzordua, hilaren 19an, 12:30ean, CR Cisneros Complutense taldearen aurka. Partidarik galdu barik helduko diote erronkari, eta, hori horrela, metatutako esperientziari esker mailaz igotzeko esperantzan daude hori-beltzak.

Egindako ibilbideak hainbat hobekuntza ekar diela nabarmendu dute taldekideek.Itsaso Reina kapitainak eta bigarren lerroak azpimarratu duenez, "defentsan aurrerapausoa eman dugu, erasokorragoak izan gara plakaketa eraginkorrekin; beraz, aurkariek puntu gutxiago lortu dituzte. Esperientzia irabazi dugu, denok dugu final bat, taldea lotuago dago, inoiz baino konfiantza handiagoarekin, eta hori nabaritu egiten da jokatzeko orduan". Era berean, azpimarratu du ezin direla finalak konparatu, "Cisnerosi bi aldiz irabazi ditugula, eta horrek konfiantza handiagoa ematen du. Iaz, berriz, Barçaren aurka garaipen bat eta porrot bat izan genituen, eta, horregatik, berriro irabaziko ote ziguten beldur ginen".

Denboraldi osoan zehar maila eman dute euren buruarengan konfiantza erakutsiz eta porrotik gabeko bolada luzatuz. Baina pasa den asteko partiduak ondorioak utzi zituen. Kapitainak deitoratzen duen bezala, "zoritxarrez, denboraldi bat ia lesiorik gabe izan ondoren, dezente sufritzen dugu, jokalari bat edo beste ukituta daukagu eta oraindik ez dakigu bajaren bat izango ote dugun finalera begira. Horrez gain, gorri bat ere izan genuen, Evarena, eta, beraz, nahiko baja garrantzitsua da". Baina azpimarratu du taldea oso elkartuta dagoela, "gogo handiarekin eta gure buruarengan konfiantza izanda egin dezakegula".

Aurrean iaz jaitsi ziren Cisneros taldeko madrildarrak izango dituzte. Beraz, hasieratik Iberdrola Ligara itzultzeko hautagai nagusietako bat da. Denboraldi honetan Les Abellesen aurka bakarrik berdindu dute, eta getxoztarren aurkako bi partidak galdu: 7-17 urtarrilean, Madrilen; eta 25-13 otsailean, Faduran. Bi taldeak, lehenak eta bigarrenak izan direnez, joan den asteburura arte itxaron behar izan zuten finalerdiak jokatzeko beraien etxean. Madrildarrek Les Abelles gainditu zuten (37-5). Beraz, konfiantzaz helduko dira Getxora, lortutako emaitza onaren eta maila gorenera itzultzeko gogoaren ondoren. Getxoztarren iritziz, "finala partida gogorra eta lehiatua izango da. Gure joko dinamikoa egiten saiatuko gara, eta hori da, azkenean, hobekien ematen zaiguna. Eta gu baino sendoagoa den Cisneros ikusita, uste dut probetxu handia atera diezaiokegula".

Domekako partida galtzen duen taldeak beste aukera bat izango du Eibarren aurka promozio partidan, baina biak batera zelairatuko dira Iberdrola Ligara igotzeko ametsa lortzeko. Ikuskizuna, beraz, igandean izango da, 12:30etatik aurrera, Faduran. Reinak Bizkai osoko jendea hurbiltzera animatu du, "errugbia ez baita kirol oso ikusia, nahiz eta gero eta gehiago izan. Eta nire lagunei esan nien bezala, herrian pixkanaka sortu duguna duela urte batzuk imajinatzen ez genuen zerbait da. Jokalari talde ikusgarria dago eta oso partida polita izango da. Gainera, batez ere irabazten badugu, festa ona izango da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun