Hasierako minutuetan, bi taldeek erakutsi zuten zein joko egin nahi zuten: Getxok obala eskuakaz jolastu zuen, eta Ciscenosek oinakaz metroak lortu zituen, kontrako zelaian presioa eginez. Urduritasuna eta akatsak izan ziren bi aldeetan, Ohorezko B Mailako entsegu-saskiratzaile nagusia agertu zen arte, Garazi Goikoelea jokalaria. Ekintza isolatu batean, bere zelaitik hasita, baloiari heldu zion eta 40 metro baino gehiago egin zituen hegaleko lerroari itsatsita, kornerreko banderatxoari itsatsita entsegua lortzeko (5-0, 5. minutua).
Hala ere, bisitariak ez zuten etsi eta bere jokoagaz jarraitu zuten, jabetza izanez eta ostikadak bilatzen defentsaren bizkarrean. Horrela, 5 metroko mele bat lortu zuten, eta hainbat faseren ondoren, Raquel Alonso mele erdiaren entsegu bihurtu zuen. Hurrengo minutuetan, Getxoren jabetza nagusitu zen baina Cisneros bikain aritu zen defentsan. Obala eskuz aldatzen zen, eta bi taldeak saiatu arren, ez zuten markagailua mugitu.
Lehen zatiko azken minutuan partida berdintzeko aukera paregabea izan zuen Getxo Rugbyk, baina aldageletara joateko agindua eman zuten. Hala, erritmo biziagoan hasi zuen bigarren zatia eta entsegua lortzeko gutxira geratu zen berriro.Jabetza gehiago izan arren, Cisnerosek gaindiezin jarraitzen zuen defentsan. Horregatik erabaki zuten kolpe zentratu batean makilak bilatzea. Orduan, Naroa Azpitartek 3 puntu lortu zituen eta Fadurako harmailak erotu ziren (8-12, 52. minutua). Ondorioz, getxoztarrak askatu egin ziren eta euren jokorik onena egin zuten.
Maider Arestik entsegu zentratuta lortu zuen, Azpitarteren konbertsioa erraztuz (15-12, 56. minutua). Cisneros taldea horri erantzuten saiatu zen, baina getxoztarrak nagusitu ziren defentsan eta konkista bakoitzean agintzen hasi ziren. Hiru laurdenetako jokalariek erraz aurkitzen zituzten hutsuneak defentsan eta asmatu egin zuten pase bakoitzean. Horrela, lasterketa bikain baten ondoren, Barbara Plaren entsegua iritsi zen, atepean eta oposiziorik gabe. Azpitartek ostikada pasatu zuen eta aldea handitu zuen, 10 minutu baino gehiago falta zirelako aurretik (22-12, 66. minutua).
Madrildarrek ezin izan zuten tarte horretan etxekoen oldarra geldiarazi. Izan ere, getxoztarren beste entsegu bat iritsi zen 22 bisitariko zonan, banda-sake baten ondoren. Baloia jaso, bertan elkartu eta Lur Ojembarrena pausatzea lortu zuten. Ostiko oso eskoratua izan zen eta Azpitartek ezin izan zuen makilen artean pasatu (27-12, 70. minutua). Hala, azken minutuak ia tramite bat izan ziren, azken txistua jo eta Getxo Rugbyk bere garaipena ospatu ahal izan zuen arte.