Uribe Kostako lehen sektorea

Aner Mimenza Bilbatua: "Oso ezti onak produzitzen dira, baina saldu gabe gelditzen dira agroindustriak eskatzen dituen prezioengatik"

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 31a, 10:16

Erlezain transhumantea da Aner Mimenza, erleak leku ezberdinetatik mugitzen ditu.

Duela 14 urte, Aner Mimenza Bilbatua getxoztarra erleen munduan murgildu zen "kasualitatez": erleak zaintzen zituzten pertsonakaz egoten hasi zen eta izaki txiki horien bizitza guztiz "zirraragarria" iruditu zitzaion. Egun, 65-75 erle kutxa inguru ditu eta bere produktu propioak saltzen ditu eskuz esku. Gainera, familia-lurrak ditu Artean, beraz, lotura sakona du nekazaritza munduagaz ere. Bere esanetan, erlezaintza nekazaritzako osagarri oso baliagarria da.

Zerk sortu zizun kuriositatea erleen munduaz?

Hainbat gauzak: kutxa nola osatzen duten, horren barruan gertatzen diren interakzioak, erle bakoitzak duen rola, etab. Gainera, beti gustatu izan zaizkit erleetatik ateratzen diren produktuak, hala nola eztia edota propoleoa. Interesgarria iruditu zitzaidan polinizarioarekin duten harremana ere, naturan duten eragina eta nekazaritza-ekoizpenean dituzten onurak.

Zenbat erle dituzu?

Nik ez dut erle kopurua oso handia, ez naizelako erleez bizi. 65-75 kutxa inguru ditut. Kutxa mota ezberdinak daude. Nik dadant kutxa erabiltzen dut eta bertan 80.000-100.000 erle inguru daude kutxa bakoitzean. Horretaz bizi diren Bizkaiko profesional batzuek, 700-800 kutxa inguru dituzte. 

Gaur egun zein da zure egunerokotasuna erleak zaintzen?

Nik beti esaten dut erleekin ez dela lan asko egin behar, baina oso lan puntual garrantzitsua egitea ezinbestekoa dela. Orain, udaberrian, astero joaten naiz erlategi bakoitzera. Kutxak astero berrikusi behar dira garai honetan, ugaltzeko duten joera dela eta. Erregina berri bat egin dezakete, eta horrek sortzen duen hegaldian, ezti kilo asko eramaten dituzte. Erle erreginak 10 egun tardatzen du jaiotzen, beraz, 10 egun baino lehenago kutxa guztiak berrikusi behar ditut hori ez gertatzeko. 

Uda garaian, erregina berriak ditugunean, 20-25 egunean behin joaten naiz. Aipatzekoa da oso lan klimatikoa dela. Kutxak ezin dira ireki hotz handia egiten badu edota euria badago, euren barne-prozesua kaltetu daitekeelako. Orduan, zeruari begira ibili ohi gara erleekin ahalik eta hoberen lan egiteko. Batzuetan ezinbestekoa da zabaltzea eta beharbada kalte apur bat eragiten diegu, onura ekarriko dien jarduera bat egiteko. Baina maiztasuna negu amaiera-udaberrian handiagoa da. 

Eta eguraldi aldaketek nolako eragina izan dute erleetan?

Beharbada harriak botako dizkidate honengatik, kar-kar. Bizkaian, erleentzako agian gauza batzuetan onerako prozesu bat izaten ari da. Beste gauza batzuetarako, aldiz, txarrerako. Azalduko naiz. 

"Gure klima beti izan da nahiko hotza, eta oraingo tenperatu berriek eragin dute erleek ordu gehiago lan egitea"

Erleek soilik lan egiten dute 12 gradutatik gora. Nahiago dituzte tenperatura erdiak, 21-25 gradu artekoak. Bestela, energia asko xahutzen dute kutxa berotzen; erle kumeak dituzte, eta horiek tenperatura batzuetan egon behar dute. Egun, negua desagertzen ari da eta tenperatura mediek gora egin dute. Gure klima beti izan da nahiko hotza, eta oraingo tenperatu berriek eragin dute erleek ordu gehiago lan egitea. Guretzako, apikultore gisa, onurak ekarri ditzake horrek. Ordea, hotzak eragiten du erreginak arrautzak jartzeari uztea, erreginaren etenaldia delakoa, eta une hori erabiltzen dugu erleak dituzten gaixotasun ezberdinak sendatzeko, parasitoak kentzeko eta tratamenduak egiteko. Jada ez dagoenez hotzik, ez dugu etenaldi hori izaten.

80. hamarkadan sartu zen barroa parasitoak kalte asko eragiten ditu, eta hori tratatu egin behar da. Oso parasito txikia da eta hori tratatzeko, ezin da erle kumerik egon, haien barruan ezkutatzen baita eta tratamenduak ez duelako eraginik. Orain zailtasun gehiago ditugu naturalki erreginaren etenaldi hori emateko eta tratamendua egin ahal izateko. Beste teknika batzuk probatzen ari gara, Andaluziatik ekarritakoak, klima beroagoa duten eremuetatik. 

Non dituzu erlategiak?

Ni erlezain transhumantea naiz, erleak mugitu egiten ditut. Erle batzuk Getxoko Larrañazubin ditut, beste batzuk, Artean, eta uda garaian, Gorbeiako goialdera eramaten ditut. Gainera, Kantabria, Burgos eta Palentziatik ere mugitzen ditut. 

Lehen mugitzen nituen garaiko loreen bila, kostaldean, tamalez, eukalipto gehiegi ditugulako. Baina egia da horiek oso ezti ona ematen dutela. Ezti garai hori izaten da abendutik apirila bitartera. Orain, udaberriko sasoi honetan, Artean izaten ditut, bertan egiten ditudalako akasia, sasia eta gaztaina eztiak. Uda garaian, hemen nahiko lore barik gelditzen denez ingurua, mendietara joaten naiz, bertan egiten dudalako inar eztia. 

Liztor asiatikoa nagusitu da Euskal Herrian. Nola bizi duzue egoera?

Gaur egun oso arazo larria dugu liztor asiatikoarekin. Duela urte batzuk Frantziako portura heldu ziren liztorrak dira eta oso arin hedatu dira Euskal Herri eta penintsula osoan zehar. Uztaila-urria bitartean gainontzeko erleak jaten dituzte, proteina asko behar dituztelako. Erasoak oso bortitzak dira. Liztor horrengatik mendian gero eta gorago joan behar izaten gara erleekin, ez direlako igotzen 600 metrotatik gora. Hala ere, liztor horientzako gero eta tranpa gehiago sortzen ari dira. Uste dugu laster tranpa horiekin gure erleak hemendik utzi ahalko ditugula, baina nik pertsonalki oraindik ez dut arrisku hori hartu nahi.

Zure produktuak saltzen dituzu ere. Nola ikusten duzu eskaria?

Jendeak kontsumitzen du eta uste dut gero eta kontzientzia handiagoa dagoela bertoko produktu osasuntsuak erosteko. Egia da eztiaren kasuan urte asko daramatzagula salatzen legediak tranpa apur bat egiten duela. Eztiaren etiketatuan ez da argi gelditzen zer ezti mota den ez nongoa den. Gaur egun, soilik daude behartuta jartzera “ezti komunitarioen eta ez-komunitarioen nahasketa” dela.

"Kalitate txarreko eztia kalitate oneko ezti apur batekin nahasten dute eta supermerkatuetan jartzen dute salgai oso prezio merkeetan"

Bertan arazo bat dugu Txinatik etorriak diren ezti askorekin, baita Europako ipar-ekialdetik eta Hego Amerikako ezti ezberdinekin ere. Dumping-a egiten dute: eztia oso merke dator batzuetan penintsulara, hemen nahastu egiten dute kalitate txarreko eztia kalitate oneko ezti apur batekin eta supermerkatuetan salgai jartzen dute oso prezio merkeetan. 

 

Uste dugu hori beste era batean arautu beharko litzatekeela. Argi gelditu beharko zen etiketatuan nondik datozen ezti horiek eta zer ezti mota diren. Ikusten dugu agroindustriako enpresa horiek oso prezio baxuak eskaintzen dituztelako eztiarengatik. Inportatu egiten dira kalitateko baxuko produktu asko eta horrek eragiten du bertoko nekazari askok ezin saldu izatea euren kalitatezko produktuak benetan duten prezioan.  

Aurten, penintsulan, kalitate altuko ezti asko gelditu da saldu gabe, penintsula izanda Europako ezti produktore handiena, duen klima dela eta. Oso ezti onak produzitzen dira, baina saldu gabe gelditzen dira biltegietan ezin direlako onartu agroindustriak eskatzen dituen prezio horiek. Ezin dugu lehiatu beste lekuetatik etortzen den ezti merke horrekin.

Kostatzen zaizu zure produktuak saltzea?

Nire kasuan erlezain txikia naiz. Ez dut hainbeste ezti tona produzitzen, orduan, nik gehiena salmenta zuzenean saltzen dut, kontzientzia garatuta duen jendeari. Haiek badakite kalitatezko produktua dela eta prest daude ordaintzeko prezio duin bat.  Lehen azoka nahiko egiten nituen baina egun bezero fidelak ditut. Urteko eskaria egiten dute eta eztia ateratzen noan heinean ia-ia esan dezaket guztia salduta dudala. 

Nekazaritza eta erlezaintzako produktuen salmenta alderatuz, zeinetan ateratzen duzu errentagarritasun gehiago?

Uste dut ortugintza dela errentagarritasun gutxien ematen didan jarduera, baina nahiz eta baldintza klimatikoen menpe egon, nahiko ekoizpen segurua da. Erlezaintza poker partida bat bezalakoa da, oso baldintzatuta dago klimagatik, liztorrengatik, barroagatik… ez dakizu inoiz zein ekoizpen maila izango duzun.

"Erlezaintza poker partida bat bezalakoa da, oso baldintzatuta dago klimagatik, liztorrengatik, barroagatik… ez dakizu inoiz zein ekoizpen maila izango duzun"

5 urteko balantzeak egiten ditugu erlezaintzan. Urte batzuetan, erle asko edukita oso ezti gutxi atera dezakezu klima ez delako ona izan. Duela bi urte, oso urte lehorra izan zen, beroegia, lore gehienak zimeldu ziren eta erle asko hil ziren janari faltagatik. Hurrengo urtean, ordea, askoz erle gutxiagorekin aurreko urteko ezti-kopurua bikoiztu nuen. Beraz, inoiz ez dakizu urtea nola joango den. Apur bat estresagarria da zeruak hainbesteko garrantzia duen jarduera batean aritzea. 

Zein erlegaz aritzen zarete?

Erle beltzarekin aritzen gara, Apis Mellifera Iberiensis. Beste erle batzuekin alderatuta, Euskal Herriko erle beltza apur bat bortitza da. Baina produktiboagoak eta mantsoagoak diren beste erle arraza batzuk ekartzen ari dira Europatik, hala nola Buckfast, Apis Mellifera Karnibora eta Apis Mellifera Ligustika (erle italiarra). Espezie ezberdin horiek kaltegarriak dira. Gure erreginek arraza horiekin fekundatzen dute, gero eta gehiago. Orduan, salaketa bezala eta eskaera bezala espezie horiek debekatzeko eta Euskal Herritik kanpo uzteko aldarrikatzen ari gara. Izan ere, nahiz eta guk erle beltzarekin lan egin, fekundazioak nahastu egiten ditu. Uste dugu horren aurrean neurriak hartu behar direla. 

Erleak gu baino lehenagotik daude hemen eta oso lan garrantzitsua egiten dute. Hemengo klimari oso ohituta dago erle beltza, oso ondo funtzionatzen du gure lurraldean eta ez dakigu arraza ezberdin horiek aurrera jarraitzen badute ea gure arraza arriskuan jarri dezaketen. Erbel elkartea oso lan polita egiten ari da erle beltzaren babesaren alde. 

Urte hauetan sustoren bat izan duzu erleakaz?

Ez, nik ez. Egia da beti jasotzen dudala noiz behinka ziztadaren bat. Trajean zirrikitu bat aurkitzen dute eta ziztatu egiten zaituzte. Baina apitoxina oso onuragarria da gure gorputzerako; immunitate aldetik oso anti-inflamatorio eta analgesiko handia da. Nik apiterapia egiten dut, erleak hartu eta beraiekin ziztatzen naiz gorputzean ditudan hainbat min kentzeko. 

Arazoak eduki ditut erlategietara hurbiltzen diren lagunekin. Erlategiak natura erdian daude, identifikatuta “Kontuz: erleak” dioten kartelekin, gure esplotazio kodearekin batera. Gertatu zaigu jendeak ez dituela distantzia minimo horiek errespetatzen edota zarata egiten hurbiltzen direla.

Apiterapia noiztik egiten duzu?

Duela 13 urtetatik egiten dut. Euskal Herrian aditu asko daude horretan aritzen direnak. Munduan zehar, herrialde askotan erabiltzen da: Hego Amerikan, Errusian, Txinan, Afrikako herri indigena askotan…

"Oso terapia merkea eta autosufizientea da eta ez zaie horrelako irtenbide herrikoiak interesatzen"

Europan egia da ia desagertuta egon dela industria farmazeutikoak izan duen indarragatik. Oso terapia merkea eta autosufizientea da eta ez zaie horrelako irtenbide herrikoiak interesatzen.

Presio handia egin dute hori desagertzeko eta ospe txarra egozteko. Ikerketa askok erakusten dute zelako indarra duen erlearen pozoiak eta gaur egun ere hasi dira erleen produktu asko erabiltzen, farmazeutiken eskuetatik etekin ekonomikoa atera eta gero.  Uste dugu jendea formatu behar dela terapia horiei ere bidea emateko. Babes legala ere eman behar zaie. Jendeari erakutsi behar diogu sendatzeko beste era batzuk daudela. 

Nola ikusten duzu lehen sektorearen egoera Uribe Kostan?

Nekazaritzak lurrak behar ditu. Uribe Kostako proiektu gehienak oso urbanistikoak dira, eta lur gehienak kentzen ari zaizkio etxebizitzari emateko. Ikusten dut nekazaritza mendi magaletara mugitzen ari dela, horrek dakarren arazoekin. Lur lau eta eguzkitsuenak etxebizitzarako eta poligono industrialak egiteko erabiltzen dituzte.

"Lur zati libre bat duena beti dago pentsatzen hurrengo urbanismo planean, bertan errebalorizatuko den etxebizitzak egiteko"

Lurren salmenta prezioa ez da errealista eta eragina du jendearen espekulazio mailan. Lur zati libre bat duena beti dago pentsatzen hurrengo urbanismo planean, bertan errebalorizatuko den etxebizitzak egiteko. Gainera, nekazarien adina oso altua da, eta oso zaila da belaunaldien errelebu bat egitea, nekazarien lurrak haienak direlako. Nekazaritzara sartu nahi duten gazteek arazo larriak dituzte lurrak lortzeko eta horri buelta eman behar diogu. 

Hainbat dinamika daude gizarte sektore ezberdinetatik eta instituzioen aldetik, baina ez gara konturatzen epe-ertain luzera nolako arazoak ekarriko dizkigun nekazari gazterik ez edukitzeak. Gaur egun, Euskal Herrian soilik jaten da hemen ekoizten den % 8a eta ikusi dugu azken urteetan, Ukrainako guda edota pandemia dela eta, merkatuek zelako aldaketak egiten dituzten janarien prezioetan, bai janarien eskuragarritasunean. Kontzienteak izan behar gara zeinen zaurgarriak garen momentu bateko kolapso edo blokeoaren aurrean, nola supermerkatuak gelditzen diren janari barik. 

"Gaur egun, Euskal Herrian soilik jaten da hemen ekoizten den % 8a"

Guk garrantzi handia ematen diogu elikadura subiranotasunari agroekologiaren bidez. Saiatu behar gara janaria ekoizten era sostengarri batean, lur horiek erre gabe urte gutxitan. Eta jarduera duin bat izan behar du nekazariarentzako eta hori prezioetan ere islatu behar da.

Beraz, Uribe Kosta egoera horretatik oso-oso urrun ikusten dut. Gaur egun turismoaren alde soilik egiten dute apustu, eta horrek ez dio herriaren gehiengoari jaten ematen uzten, soilik gutxi batzuei. Ikusi beharko dugu nolako herria sortu nahi dugun ikusita oso urte gutxitan gauzak okerrera joan daitezkeela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun