Uribe Kostako gazteen gehiengoa hirugarren sektoreari begira lanean jarri den arren, oraindino badago lehenengoari heldu dionik. Horren adibide batzuk ekarri ditugu orriotara; batzuek eskualdetik kanpora joan behar izan dute, beste batzuek, aldiz, inguruotan lurra lortzeko "zortea" izan dute. Izan ere, nekazaritzaren munduan murgiltzeko eta horretan aurrera egiteko zailtasun handienetako bat da lursail egoki bat topatzea, epe luzerako. Hona hemen inguruotako lau baserritarren testigantzak...
Uribe Kostako Agroasanbladako kidea da Peio Fuente nekazaria. Otzaren bitartez eta Itzubaltzeta/Romoko merkatuan saldu ohi ditu Urdulizen landutako produktuak. Uda partean, gainera, bendeja egiten du Itzubaltzetako elizako arkupeetan.