Erakusleihoen Argazki Ibilbidea Getxophoto 2024 jaialdiaren herri-partaidetzaren espazioaren barruan kokatu dute. Horretan, jaialdian parte hartu gura izan duten argazkilari profesional zein amateurrek beraientzako lekua izango dute, jaialdiko arduradunek aurten proposatutako "Play!" gaiaren inguruan egindako irudiak aurkezteko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenak nazioarteko erantzun handia izan du, 200 argazki inguru jaso baitituzte munduko hainbat tokitatik, estilo eta genero anitzak eta aberasgarriak batuz.
Erakusleihoen Ibilbidea erraz jarraitu ahal izateko, artelan finalisten izenburuak eta egileak biltzen dituen gida bat argitaratu da, ikusgai egongo diren saltokien izenakaz batera.
Gainera, Algortako Dendak elkarteak egile getxoztar baten argazkia ere gura izan du saritu. Hala, Aceptamos pulpo, Dora Díez Burzako argazkilariaren lana aukeratu dute, 100 euroko bale bategaz saritua izateko.
Kanpainaren barruan, eta berrikuntza gisa,aurten, Algortako Dendak elkarteak jauzi bat egin gura izan du erakusketa kaletik sare sozialetara eramanez. Horretarako, ekainean zehar, irudiei eta horiek ikusgai egongo diren saltokiei buruzko hainbat galdera egingo dituzte. Asmatzen dutenen artean, astero zozketa bat egingo dute, eta, kanpaina amaitzean, azken zozketa bat egingo dute parte-hartzaile guztien artean. Zozketetan, parte hartzen duten negozioetako elikagai-produktuen loteak oparituko dituzte.