2023ko martxoan, Espainiako Estatuan Animalien Ongizatearen Legea atera zuten. Bertan zehaztu zuten zeintzuk ziren maskota gisa gizakiek etxean izan ahal zituzten animaliak: txakurrak, katuak, hudoak, falkoneriako hegaztiak eta akuariofiliako animaliak. Zer ulertzen da maskota gisa gure gizartean?
Maskota hitzak semantikoki etxeko animalia esan nahi du. Dena den, kultural eta sozialki esangura zabalagoa du. Etengabe egiten ditugun konstruktu sozial hauek erabat errotuta daude gure eguneroko bizitzan, Simone de Beauvoirrek generoagaz argi demostratu zuen bezala, esaterako.
Kasu honetan, animalia bat maskotatzat hartzen dugunean izaki sentikorrak kosifikatzen ari gara. Bizi garen sistema kapitalistan kontsumo objektu bilakatzen ditugu, dominazio eta zapalkuntza kate injustua eraikiz. Hitzak berak jabego-morroitza erlazio bat aditzera ematen du. Ondorioz, sistema jasangaitz honek 'jostailu hautsi" asko sortarazten ditu. Horren adibide dira txakurtegi eta animalien babeserako elkarte-egoitzak: gainezka daude.
Zein irakurketa egiten da mugimendu antiespezistatik maskoten inguruan?
Sentsibilitate desberdinak daude antiespezismoaren barnean, baina susmoa dut, oro har, ez dela irakurketa baikor bat egiten. Nik pertsonalki, horrelako legeen aurrean ez dut konfiantza askorik. Erdi-bidean geratzen den neurri kosmetiko bat da eta ez doa arazoaren errora. Egia da hainbat animalien kontrol eta ongizatea hobetzen dela, baina beste hainbat ere legetik kanpo geratzen dira, ehizako txakurrak, esate baterako.
"Aurrerapauso bat izango litzateke gizakiaz gain sentikor diren beste animali batzuk ere zuzenbide subjektutzat hartuko balira"
Animalien haztegiekin eta horien inguruan sortzen diren negozio guztiekin bukatu beharko litzateke. Soluzio bakarra jarduera horien guztien abolizioa da. Aurrerapauso bat izango litzateke gizakiaz gain sentikor diren beste animali batzuk ere zuzenbide subjektutzat hartuko balira. Hainbat pertsona espezistek uste dute eskubideak soilik gizakientzako direla.
Txakurra maskota gisa onartuta dago gure gizartean, baina ez, ordea, behia, esaterako. Zergatik dago sozialki ondo ikusita behiak jatea eta ez txakurrak?
Lehen esan bezala, konstruktuen mundura bueltatzen gara. Gizakia izaki sozial eta politikoa izanik, eraikuntza kultural hauen menpe bizi da. Kasu askotan oso onuragarriak dira eta bizitza errazten digute. Aitzitik, besteetan erabat kaltegarriak dira. "Desikaste" prozesu bat jarraitu behar dugu eraikuntza horiek burutik kentzeko eta errealitate justuago bat eraikitzeko.
Historikoki animaliak beti erabili izan dira gizakien onurarako: elikatzeko, pisua eramateko, lekuetara heltzeko, ikerketak egiteko, janzteko… Egun txakur askoren jabeek horiek erabiltzen dituzte baserriko lanak egiteko, aniztasun funtzionalen bat duten pertsonak laguntzeko, etab. Nola ikusten duzu txakur horien erabilera?
Aipatu dituzun kasu guztietan beste irtenbide batzuk ditugu. Ez ditugu zertan animaliak erabili behar. Aniztasun funtzionalen bat duten pertsonen kasuan, apustu sendoa egin beharko litzateke osasun-langileen eta baliabide teknologikoen alde. Hala, inbertsio handiagoa egin beharko litzateke aniztasun funtzionala duten lagunei bizitza duin bat bermatzeko. Erronka galanta, dudarik gabe.
Pertsona hauek laguntzeko erabiltzen diren txakurrek eugenesia prozesu luzea jasan dute urteetan zehar. Denbora luzez, arraza desberdinetako txakurrak txertatzen joan dira gizartean gizakioi komeni zaizkigun horiek areagotzeko. Txertaketa, "hobekuntza" eta bibizekzio prozesu horretan animalia asko hil dira. Horrez gain, prozesu horretatik ateratako beste hainbatek osasun arazo larriak izaten dituzte jasandako aldaketa genetikoengatik. Adibidez, boxerrek arnas eta bihotz arazoak dituzte; alemaniar artzain txakurrek aldaka arazoak...
"Aldaketa genetikoengatik boxerrek arnas eta bihotz arazoak dituzte; alemaniar artzain txakurrek aldaka arazoak..."
Beraz, tortura eta erailketez jositako bide luzea egin dute egun ezagutzen ditugun txakur arraza hauetara heltzeko. Oraindik ere heziketa eta entrenamendu prozesu gogorrak jasaten dituzte, eta txakur asko bidean ere geratzen dira. Beraz, nik uste txakurren inguruko ikuspegi idiliko eta faltsu honekin amaitu beharko genukeela. Galderak planteatu behar ditugu izaki guztien onerako.
Soilik Getxon, 8.697 txakur daude erroldatuta, EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren datuen arabera. Jendeak erantzukizunez zaintzen ditu txakurrak? Zein begiradatik egiten dutela uste duzu?
Bai, noski. Jendeak oso ondo zaintzen ditu txakurrak. Lotura sentimental polita sortzen dute beraiekin. Arazoa ez da norbanakoa, baizik eta estrukturala. Horregatik, animaliekin bizi den jende gehienak oraindik begirada espezista du. Bi errealitatek egiten dute talka: norbanakoen enpatia ahalmena eta botere estrukturek animalien inguruan inposatzen duten logika komertziala. Jaso dugun hezkuntzaren bidez oso jokabide supremazista eta antropozentrikoak barneratu ditugu txikitatik, animalien gainekoak.
"Jaso dugun hezkuntzaren bidez oso jokabide supremazista eta antropozentrikoak barneratu ditugu txikitatik, animalien gainekoak"
Animaliak gure menpe daude eta beraiekin nahi duguna egin dezakegu. Beraz, logika kapitalista batetik, errendimendu ekonomiko bat atera dezakegu beraiekin, kontsumo objektu bilakatuz. Gutxi gora behera, esklaboekin egin zen bezala XIX. mendera arte. Nik dakidala legalki gizakien komertzializazioarekin 1863. urtean bukatu zen Virginian eta 1888an Brasilen. Zergatik ez bukatu gainontzeko animalien morroitzarekin ere?
Zer uste duzu behar dela animaliekiko benetako errespetua eta kontzientzia sortarazteko?
Gizakiak izateagatik daukagun pribilegioez konturatu behar gara. Nolabait esateko, katearen goi partean gaudela konturatu. Eskuzabalak izan behar gara eta errespetua izan behar dugu beste espeziekin, begirada eta jarrera supremazistak baztertuz. Gure borroka intersekzionala izan behar da, bat eginez feminismo, antifaxismo, antiarrazismo eta langileria klasearekin. Hori guztia ikustaraztea ezinbestekoa da.
"Gure borroka intersekzionala izan behar da, bat eginez feminismo, antifaxismo, antiarrazismo eta langileria klasearekin"
Horretarako Euskal Herri mailan marko eta estrategia desberdinak erabiltzen dituzten hainbat mugimendu antiespezista daude. Animalistak, Zaunk edota NOR bezalako taldeek lan bikaina egiten dute antiespezismoa euskaraz zabaltzen. Bilboko Piztiak talde konpartsak lehen lerrora eraman du borroka antiespezista hain errotuta dagoen jai girora. Uribe Kostan oraindik lan handia dago egiteko. Duela gutxi Berangon hustu zuten Otxantegiko eremuetan, Kimu Berdeak taldeak eko-nekazaritza proiektu interesgarria zuen eta antiespezismoari buruzko hitzaldiak ere eman zituzten bertan. Halaber, Larrabasterrako Auzoetxean ere sentsibilitate animalista sumatu dut hainbatetan.