Elkarrizketak

Gadea Moja: "Hor egotea oso zaila da, baina, lortzen badut, itzela izango da"

Ander Zarraga 2024ko eka. 14a, 10:29

Moja Berangoko UK Skate-parkean aritzen da entrenatzen, Pariseko Joko Olinpikoetarako prestatzen.

La Kantera skate-pistatik Pariseko Joko Olinpikoetara. Gadea Moja bere bidea ari da egiten munduko skate elitean, eta udan Parisen bere lekua izateko ari da lehiatzen, gogor. 14 urteko algortarra Basque Teameko bekaduna da, Espainiako eta Euskadiko selekzioetan aritu da, eta Opera edo Converse bezalako marken babesa ere jasotzen du. Maiatzean, Shanghain (Txina) lehiatu zen Olympic Qualifier Series-etan, eta ekainaren 20tik 23ra Budapesten (Hungaria) arituko da Joko Olinpikoetarako txartelaren bila.

Nola hasi zinen skatean?

Arrigunaga ondoan bizi naiz, txikitatik aitarekin joaten nintzen La Kantera skate-parkera, eta beti egoten nintzen skate batekin beso azpian edo gauzak egiten saiatzen. Entrenatzen sei edo zazpi urterekin hasi nintzen, eta 10 urterekin joan nintzen Espainiako lehen txapelketara. Hor zazpigarren geratu nintzen, eta urte berean egin genuen beste batean hirugarren postua lortu nuen. Hor ikusi zuten kapazitate handia neukala.

Normalean, non entrenatzen duzu?

Leku askotan ibiltzen naiz, skate-pista mota guztiak probatzen saiatzen naizelako. Batzuetan, Berangoko UK skate-parkean aritzen naiz, Nico Fuertesek nahi dudanean joaten uzten didalako, baina Sopelan edo Portugaleten ere aritzen naiz. La Kanterara ere joatea gustatzen zait dagoen giroagatik.

Basque Teameko bekaduna. "Beraiei esker skate-park onenetan entrenatu dezaket, medikuarenera joan naiteke lesionatzen banaiz, kiroleko psikologoa ere daukate eta bidaiatzeko dirua ere ematen didate"

Nola uztartzen dituzu ikasketak txapelketakaz eta entrenamenduakaz?

Ikastolako ordu batzuk hartzen ditut entrenatzeko astero, beraz, nahiko ondo konpontzen naiz. Horrez gain, lagunei ere apunteak eta eskatzen dizkiet, baina San Nikolas Ikastolakoek ere erraztasunak jartzen dizkidate.

Zuk Park modalitatea egiten duzu, zertan datza?

Street eta Park edo Bowl modalitateak daude. Batean, kalean dauden barandetan eta halakoetan trukoak egiten dira, eta bestea bowl moduko pista handi batean egiten da. Ni txikitatik hasi nintzen Park egiten, eta horretan aritzen naiz, hobeto ematen zaidalako. Txapelketak 45 segundo inguruko hiru errondak izaten dira, baina formatu ezberdinak erabiltzen dituzte, eta denbora horretan zure trukorik onenak egiten saiatu behar zara.

Ekainean Budapestera joango zara Joko Olinpikoetako kanporaketetarako, nola ikusten duzu zure burua?

Bai, aurre-olinpiadetara joango naiz, maiatzean Shangain egon nintzen eta laster Budapestera joango naiz. Fase honetan 44 skater gaude eta 25 izango dira Joko Olinpikoetara sailkatuko direnak. Ni 31. postuan nago, gainera, herrialde bakoitzeko hiru pasatzen dira, beraz, uste dut aukerak izan ditzakedala.

Nola sentitzen duzu Jokoetara joateko aukera hori?

Niretzat amets bat bezalakoa da, hor egotea oso zaila da, baina, lortzen badut, itzela izango da. Pozik nago, baina urduri aldi berean, presio asko dudalako, horrelako aukerak izatea bizitzan behin bakarrik gerta daitezkeelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun