Psikologoa

Laura Oliva: "Maskotek depresioa bezalako gaixotasunetan asko laguntzen digute"

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 18a, 08:00

Olivak nabarmendu du oso garrantzitsua dela beste maskota bat ez eskuratzea dolua gainditu ez badugu.

Maskota bat bidelagun gisa izatea eta hura zaintzeko denbora hartzea erantzukizun handiko afera izan daiteke. Alabaina, erabaki horrek zoriontasun handia eskaintzen dio gizakiari, bere osasun fisiko eta emozionalari ere on eginez. Hori baieztatu digu Algortan bulegoa duen Laura Oliva psikologoak, alderdi positibo askoren artean nabarmenduz maskotek "maitasunaren hormona askarazten" laguntzen diotela gizakiei.

Zer eragin du maskoten konpainiak gizakiengan?

Etxeko animaliak izateak onurak baino ez ditu. Emozionalki, laguntza eta ongizatea ematen digute. Arduratsuak izatera behartzen gaituzte, zaintza- eta arreta-errutinak ezartzera, erabilgarriak eta maitatuak sentiarazten gaituzte, eta horrek gure autoestimuari mesede egiten dio. Fisikoki ere onurak ekartzen ditu, egiaztatuta baitago gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzen duela, zahartzaroko narriadura kognitiboa moteltzen duela, arteria-presioa murrizten duela, etab.

Eta txakurrena bereziki?

Egiaztatuta dago txakurrak gai direla aldarteak detektatzeko, batez ere maite dituzten pertsonengan, kontsolamendua eta lasaitasuna emanez. Intuizio berezia dute. Txakurrek asko elkarreragiten dute eta feedback horrek seguru eta zoriontsu sentiarazteaz gain, bizikidetzan oso paper garrantzitsua dute. Txakurrek sozializazioa bultzatzen dute, eta hori oso faktore inportantea da. Animalia entretenigarriak eta dibertigarriak dira, eta horrek beste maskoten gainean nabarmentzen ditu.

Maskotek lagundu al dezakete osasun mentaleko arazo batzuk kudeatzen?

Bai, erabat. Gure maskoten maitasunak oxitozina kantitate handiak askarazten dizkigu (maitasunaren hormona). Oxitozina handitzean kortisol mailak (estresaren hormona) murrizten dira eta antsietatea jaisten da. Zoriontasun handia ematen digute eta, era berean, depresioa bezalako gaixotasunetan asko laguntzen digute. Haurrei ere laguntzen diete, komunikazio-, herabetasun- edo uzkurtasun-arazoak dituztenei. Onura horiek frogatzen dituzten hainbat ikerketa daude.

Arriskutsua izan al daiteke norbanakoen behar afektiboak maskotakaz betetzea?

Printzipioz, ez. Ongizatea, zoriona eta maitasuna ekartzen digun guztiak ez du zertan arriskutsua izan behar. Hala ere, egia da pertsona batzuek neurrigabeko mendekotasuna izan dezaketela maskotengatik, baita obsesioa ere. Animalia inguratzen duen guztiari buruzko gehiegizko kezka du ezaugarri, eta gizatiartu ere egiten du, petofilia izeneko nahasmendu bat garatu arte. Maskotenganako neurrigabeko erakarpena edo obsesioa, alegia.

Nolakoa da maskota baten heriotzagatiko dolua?

Dolua oso gogorra da, maite dugun pertsona bat galtzeagaz parekatzen delako. Izan ere, berreskuratze-prozesua oso antzekoa da, eta fase berdinetatik igarotzen da: shocka, ukazioa, haserrea, tristura edo depresioa, eta onarpena. Gero eta jende gehiagok jotzen du terapiara bere maskota hiltzen denean.

Zer gomendatzen duzu dolu hori kudeatzeko?

Sentimenduak adieraztea eta horiek barruan ez gordetzea da gomendagarriena. Ahal dela, maskotak dituen edo gauza bera bizi izan duen jendeagaz hitz egin behar da. Ona da autozainketan zentratzea, denbora igaro arte entretenitzen lagunduko diguten jarduera atseginak bilatuz. Oso garrantzitsua da beste maskota bat ez eskuratzea dolua gainditu ez badugu. Maskota hori ezerk ordezkatzen ez badu ere, egia da zentzuzko denbora igaro ondoren beste maskota bat eskuratzeak berriro zoriontsu sentiarazi ahal gaituela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun