Udako solstizio jaia ospatuko dute domekan, ekainak 23, San Juan gauean, Algortako San Nikolas plazan. Familientzako jaia izango da, ALBE, Bizarra Lepoan, Eskubeltz, Egizu, Haria Eten Barik, Itxartu Dantza Taldea, Etorkinen Plataforma Federazioa, San Nikolas Zabalik, Mujeres con Voz eta Koroa Biluzik taldeek antolatutakoa, Getxoko Udalaren laguntzagaz.
Egitarauari hasiera emateko, 18:00etan, umeentzako aurpegia margotzeko tailerra izango da, eta, jarraian, herrialde desberdineko dantzak, Andoni magoa eta txokolate-jana egingo dute, munduko postreak dastatzeko aukeragaz batera. 20:30ean, bertsolarien saioa hasiko da, June Diaz, Peio Lago eta Maialen Lagoren partaidetzagaz, eta amaitutakoan, 21:00ak aldera, konjurua eta Urdiaingo San Juan Kantaita helduko dira umeentzako suaren inguruan, 23:00ak arte.
Halaber, San Juan gauaren beste ohiko ospakizun batzuk izango dira Itxas Argiarena Malakaten eta Zubilleta jaien egitarauen barruan.
Segurtasuna y prebentzioa
Bestalde, domeka arrastian eta gauean, Udalak ohartarazi du Udaltzaingoak baimenik gabeko suteak zelatatuko eta zigortuko dituela, eta istripuak ekiditeko, suteen segurtasuna kontratuko duela ere. Gainera, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzagaz, prebentzio-zerbitzua ere jarriko du abian hondartzetatik gertuen dauden tokietan, gerta daitezkeen istiluak eta herritarrentzako arazorik ekiditeko. Adingabeei alkohola konfiskatzea eta debekatutako lekuetan kontsumitzea galaraztea indartuko dute ere.
Horregaz batera, gomendatu dute egokia dela hondartzara balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea; eta eramatekotan, banakako segurtasun neurriak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukitzeko.
Bukatzeko, Getxoko Udalak jaiez neurriz eta sexu-erasorik gabe gozatzearen aldeko apustua egiten duela ere adierazi dute, eta, horregatik, Udaltzaingoak San Juan jaiaren ospakizun-esparruetan presentzia handituko du.