Kapitalaren aurka, harrotasuna ez dago salgai!

UKATU · Uribe Kostako sexu-genero disidenteen asanblada 2024ko eka. 28a, 20:50

1969ko ekainaren 28an New Yorken sexu langilea zen emakume beltz trans batek adreilu bat jaurti zion poliziari eta hiru eguneko istiluak piztu ziren. Lehen aldiz, sexu eta genero disidenteok kaleak hartu genituen, jasaten genuen indarkeria eta jazarpenari aurre eginez eta poliziaren aurka oldartuz. Ordutik, urtero ekainak 28an Stonewalleko matxinadaren urteurrena ospatzen da munduan zehar, Sexu Askapenerako Nazioarteko eguna edo Harrotasun egun gisa ere ezagutzen dena.

Guk egun hori aldarrikapen eta borrokarako baliatzen dugu, ekainak 28aren jatorri eta izaera iraultzailea azpimarratuz. Gurea borroka iraultzailea da, behetik, bazterretik eta ezkerretik sortzen dena, herri mugimenduaren parte izanik.

Baina beste batzuek egun hori eduki aldarrikatzaile eta politikoz hustu eta kontsumorako festa bilakatu nahi dute. Haientzat, negozioa egiteko aukera paregabea gara, eta horren adibiderik argiena Pride-a da. Gurean, Bilbao Bizkaia Harro delakoaren eskutik dator, eta Getxon ere presente egongo da. Sexu eta genero disidenteok Pride-a boikoteatzera deitzen dugu. Kezkatuta gaude ikustean zenbait instituzio, alderdi politiko eta enpresek negozioa egiteko eta euren burua zuritzeko gure kolektiboarekin egiten duten erabilera. Kapitalismoak borroka politiko eta sozialen asimilazio eta merkantilizazioa bilatzen du, eta Pride-ak gorputz normatibodun gizon zis, gay, txuri, gazte eta diruduna jartzen du erdigunean, kolektiboa osatzen dugun gainontzekoak bazterrean utziz.

Gainera, haien politika neoliberalak estaltzeko erabili nahi gaituzte, baita poliziaren zuritzea eta normalizatzea bultzatzeko ere. Pride-a bultzatzen duten horiek berak dira Osakidetzan murrizketak eragin eta zaintza negozio bihurtzen dutenak, Otxantegi desalojatu zutenak, haien politikekin prekarietatea sustatzen dutenak edota subflubiala aurrera eraman nahi dutenak. Guk ez dugu onartuko hori guztia ortzadarraren banderarekin estaltzerik. Guk ez ditugu hotel "gayfriendly"-ak nahi, ezta polizia gay edo lesbianak ere. Guk sistema hau irauli nahi dugu, sistema bera delako arazoa.

"Pinkwashing"-aren beste adibide bat Israeleko estatu terrorista da. Basakeriaren aurrean, herrialde "gayfriendly" eta zibilizatu gisa erakusten du bere burua, Palestinako herriaren kontrako genozidioa aurrera daraman bitartean. Ez dugu onartzen gu erabiltzerik haien politika hiltzaileak zuritzeko, eta gure elkartasun osoa adierazten diogu Palestinako herriari eta bere erresistentziari. Israeli boikota beti, ibaitik itsasora, Palestina garaipenera!

Bestalde, gure kolektiboaren kontrako erasoek bere horretan jarraitzen dute. Heteroaraua ez betetzeagatik jasaten dugun egiturazko indarkeria ez da berria, baina azken boladan gure aurkako gorroto diskurtsoak hedatzen dabiltza, eta honen azken ondorioa gure kontrako erasoak dira. Faxismoa indarra hartzen ari da eta guztion ardura da aurre egitea, kaleetan, lantokietan, ikastetxeetan, sareetan eta orohar jendarteko esparru guztietan. Honen adibidea da azken aldian gure eskualdean agertzen ari diren mezu transfoboak dituzten pegatina ezberdinak, gorroto eta gezurrez beteak. Transfobiak hil egiten du!

Batzuek hilda nahi gaituzte. Beste batzuentzat berriz negozioa egiteko aukera baino ez gara. Baina guk aurre egingo diegu batzuei zein besteei. Sexu eta genero disidente guztioi deia luzatzen diegu antolatu daitezen, gure arteko sareak indartu ditzagun, espazio seguruak sortuz eta berriak geureganatuz, antolakuntza eta borroka delako bide bakarra.

Gora borroka transmaribibolloa!

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun