Uztailaren 25ean ospatuko da Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketa

Iker Rincon Moreno 2024ko eka. 20a, 11:22

Hilabete baino zertxobait gutxiago falta da Itxas Argia Elkarteak antolatzen duen Paella Lehiaketaren 69. ediziorako. Izan ere, ohi legez, uztailaren 25ean ospatuko dute festa eta, horri begira, kuadrillek eta taldeek toldoak jasotzeko aukera izango dute uztailaren 8an eta 9an, astelehen-martitzenean, 19:00etatik 21:00etara, Itxas Argiaren egoitzan. Soberan daudenak uztailaren 15ean zozkatuko dituzte, 19:00etatik 20:30era bitartean.

Nazioarteko Paella Lehiaketaren gune ofizialeko tutuen muntaketa uztailaren 13an izango da, zapatuan, goizeko 08:30etik aurrera eta, beti bezala, zeregin horretara hurbilduko diren taldeek lehentasuna izango dute soberako toldoen zozketan, uztailaren 15ean izango dena. Hala, interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, hemen. Kuadrilla bakoitzetik lan horietan lagunduko duen boluntario bana eskatzen dute antolatzaileek.

Uztailaren 26an, ospakizunaren hurrengo egunean, muntaketak kentzeari ekingo diote, goizeko 9:00etan, Aixerrotako landan.

69. Nazioarteko Paella Lehiaketaren egitaraua

Goizeko 8etatik 9:30etara kotxeen sarrera baimenduta beharrezkoa den material guztia bertan  utzi ahal izateko, ordu horretatik aurrera landa kotxez libre egon beharko da. 

  • 10:30 Nazioarteko Paella Lehiaketan izen-ematea.
  • 12:00 Txalaparta deia UKTESTen eskutik.
  • 12:05 Aurreskua.
  • 12:10 Dantza emanaldia Itxas Argia dantza taldeko txikien eskutik.
  • 13:30-14:30 Paellen aurkezpena.
  • 17:30 Sari banaketa.
  • 18:30 Erromeria GARILAK 26 taldeagaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun