Istripu larri bik markatu dute Alberto Zeballos getxoztarraren bizitza. Horien eraginez, baliaezintasuna aitortu zioten, baina aitortu du horri esker bere pasioa den pinturari gura beste denbora eskaintzeko aukera izan duela. Gaztetan, bera argazkilari moduan aritu zen lanean hainbat komunikabiderentzat, besteak beste, intsumisoen mugimenduko argazkiak ateratzen; horien manifestazio batean poliziaren ke-pote batek buruan jo zuen. "Hori nire inflexio puntuetako bat izan zen, dena berriz ere ikasi behar izan nuelako, baina horrek eraman ninduen artearen mundura", gogoratu du.
Oso egile emankorra da eta urtean hainbat estilo ezberdinetako margolanak egiten ditu. "Nire pintura nahiko espresionista izan da beti, baina heldu da puntu bat figuraziora ailegatu naizela, eta orain erretratua ere asko lantzen dut". Lagunentzako edo enkarguz hainbat erretratu egin ditu eta, horietan, fotomuntai modukoak ere egiten ditu, erretratuak eta paisaiak konposatuz. "Publizitatean aritu nintzenean lanean Tijeritas deitzen ninduten; orain, pinturaren errekortalari bat bezalakoa naiz, kar-kar-kar". Bere azken urteotako lanen bildumari erreparatuz, askotariko lanak aurkitu daitezke, margolan abstraktuak, paisaiak, erretratuak... "Ez zait gustatzen mugarik jartzea, ikusten ditudan gauzak margotzen ditut; adibidez, argazki historikoetan oinarritutako margolanak egitea ere interesatzen zait, fotoerrealismoak erakartzen nauelako".
Margolaria izateaz gain, musikaren munduan ere bere pintzeladak eman ditu, 80ko hamarkadan hainbat talderen laguntzaile aritu baitzen, besteak beste, Itoiz taldean. "Nik zale moduan egiten nuen, ez naiz musikaria, margolaria baizik". Hala ere, pandemian, bere 20 abestiko disko propioa ere autoeditatu zuen, "nik grabatu nituen ahotsa, gitarra, pianoa eta akordeoia".