Garbigertu edukiontzi berriei esker hondakinen bilketa hobetu gura du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 12:05

Falta diren edukiontziak Bidezabal, Iturgitxi kaleetan eta Malakate parkean jarriko dituzte. © GETXOKO UDALA

Etxeko hondakin toxiko eta arriskutsuak uzteko beste bi Garbigertu Getxo jarri ditu Getxoko Udalak, Ollarretxe eta Salsidu kaleen arteko bidegurutzean eta Txabarri Zuazo parkean, Gobelaurren. Halaber, iragarri dute laster beste hiru jarriko dituztela Andra Mariko kiroldegian, Areetako Geltokia plazan eta Neguriko Gernika parkean.

Horrelako bederatzi edukiontzi berezi jarri gura dituzte Getxon, eta falta direnak Bidezabal, Iturgitxi kaleetan eta Malakate parkean jarriko dituzte. Egitasmo horregaz, Puntu Garbi Mugikorrak ordezkatu gura ditu Udalak, eguneko 24 orduetan eta asteko egun guztietan erabilgarri egongo diren puntu finkoak ezartzeko. Zehaztu dutenez, Garbigertu Getxo edukiontzien bidez zaborrak biltzeko ohiko zerbitzuakaz ezabatu ezin daitezkeen hondakinak kontrolatu gura dituzte, natura- eta hiri-ingurunean hondakinak kontrolik gabe ez isurtzeko.

“Proba pilotuaren datuak ikusita eta egindako aldaketa batzuei esker, bilketa hobetu ahal izatea espero dugu", azaldu du Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak. Hobekuntza horiek hurrengoak dira: etxetresna elektriko txikietarako bandeja kentzea 90 litroko edukiontzi bat jartzeko, erradiografien sarrera handitzea, olioen barne-erretilua estanko bihurtzea ihesak saihesteko eta erabilitako sendagaientzako edukiera handiagoko leiho bat jartzea.

Udaletik gaineratu dutenez, hurbileko Garbiguneetan jasotzen diren artikuluak oso produktu toxiko eta kutsatzaile gisa katalogatuta daude, eta osasunerako edo ingurumenerako arrisku-iturri dira. Bota daitezkeen hondakinak, hala nola olioak, pinturak, lakak eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo-hondarrak, plastikoak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszenteak, bonbillak eta lanparak, pilak eta bateriak, gailu elektronikoak, toner tintako kartutxoak eta CDak dira, besteak beste; baita birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere: etxetresna elektriko txikiak eta altzari osagarriak, txatarra elektronikoa eta abar eta ehungintzako produktuak.

Gaineratu dutenez, maiatzean 1.744 artikulu jaso zituzten Telletxeko aparkalekuaren ondoan jarritako lehen Garbigertun, leku horretan egon zen Garbigune Mugikorrean edo furgonetan utzitakoak baino %65 gehiago. Furgoneta hori uztailera arte jarraituko du hainbat tokitatik pasatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun