Harrotasunaren Egunari lotutako adierazpena onartu du Getxoko Udalak; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ez dute horregaz bat egin

Erredakzioa 2024ko eka. 27a, 10:02

Barikuan, hilaren 28an, izango da LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu-askapenaren eta Harrotasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna. Hori horrela, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du EAJ, PP eta PSE-EE alderdien aldeko botoakaz; EH Bildu abstenitu egin da, eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, kontra bozkatu du, Udalak Bilbao Bizkaia Harro “pinkwashing” ekimenean parte hartuta mugimendu horren aldarrikapenak merkantilizatzen direlakoan.

EH Bilduk azaldu duenez, ez du adierazpena babestu ez duelako "LGTBIQ+ borrokaren merkantilizazioa" onartzen, eta ez duelako ezer sinatuko "ultraeskuinarekin" gobernatzen duten taldeakaz. Era berean, adierazpen "hutsak" baino, politika integralak behar direla azpimarratu du.

Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, kritikatu du Bilbao Bizkaia Harro ekimena "pinkwashing"-erako dela, eta deitoratu du horrek jarduerak egitea Getxon. Hala, koalizioak bezala, kolektiboaren aldarrikapenak merkantilizatzea salatu du.

Onartutako adierazpena, osorik:

Ekainaren 28an, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.

Getxoko Udalatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona eta erakunde guztiei. Bere dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzazkegu giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan. Pertsona horiek, beren eguneroko lanarekin, funtsezko zutabea izaten jarraitzen dute gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko, eta ingurune inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzen dute.

Hala ere, pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBIfobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, askotan ezjakintasunak eta gorrotoak elikatzen dituztenak, lortutako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.

Sexu- eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen digu. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.

Horregatik guztiagatik, ekainaren 28ak are garrantzi handiagoa hartu du. Getxoko Udalatik herritarrak ekintzetara animatzen jarraitzen dugu, gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak irmo salatzeko. Funtsezkoa da guztiok injustiziaren aurka hitz egitea eta elkarrekin lan egitea diskriminazio mota oro desagerrarazteko. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lor dezakegu benetako aldaketa iraunkorra.

Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik gabe, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe eta estigmarik gabe bizi ahal izateko, eta komunitatea eraikitzeko. Babes-keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.

Horrenbestez, sentsibilizazio eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatuz. Keinu txiki baina esanguratsu hori, udal eraikin ezberdinetan errepikatuko duguna, elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBI eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun baten alde lan eginez”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun