Abuztuaren 11n egingo duten 79. Getxoko Zirkuituaren nondik norakoak aurkeztu dituzte daborduko

Iker Rincon Moreno 2024ko uzt. 8a, 12:14

Parisko Joko Olinpikoak direla-eta, aurten, Algortako San Inazio jaietan beharrean, Portu Zaharreko jaiakaz batera egingo dute Getxoko Zirkuitua, abuztuaren 11n, domekan. Edizio berri honen nondik norakoak aurkeztu zituzten joan den uztailaren 5ean, Begoñako Galerietan, txirrindularitza-lasterketa honen lehen edizioaren 100. urteurrena ospatzeko.

Aurkezpenean, politikaren munduko hainbat pertsona ezagunek parte hartu zuten, lasterketa babesten duten erakunde guztien ordezkari gisa; Amaia Agirre, Getxoko alkatea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Carlos Sergio Atxotegi, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirolaren zuzendari nagusia; eta Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia. Horiek guztiek lasterketaren garrantzia nabarmendu zuten, "gure gizartearen esfortzuaren eta kirolarekiko inplikazioaren isla gisa".

Txirrindulari ohiak eta etorkizuneko profesionalak ere bertan izan ziren, hala nola Mikel Zarrabeitia, edizio honetako ohorezko zuzendaria, eta lasterketa korritzen zuenetik bide bazterretan dagoen giroa nabarmendu zuen; edo Iñaki Trujillo, Punta Galeako txirrindularia, etxeko lasterketan profesionaletan debuta egingo duena, Euskaldun torneoan lortu berri duen garaipenaren aitorpen gisa.

Mikel Guineak, lasterketaren zuzendariak jakinarazi zuen beste behin EITBk eskainiko duela probaren zuzeneko streaminga. Gainera, jakinarazi zuen proba Bilboko Guggenheim Museotik irtengo dela. Ibilbideari dagokionez, zirkuituari zazpi buelta izango dira, Pike Bidetik 5. eta 7. giroetan. Era berean, parte hartuko duten taldeen berri eman zuen; horren harira, nabarmendu zuen aurten ere WorldTourreko, txirrindularitzako mailarik altueneko ordezkari dezente izango direla.

Lehenengo lasterketatik, 100 urte

1924ko uztailaren 31n, orain 100 urte, Getxoko Arenas Clubak Getxoko Zirkuituaren lehen edizioa antolatu zuen, Abrako Itsas Klubaren aurrean. Aurten, 79. zirkuitua ospatuko dute, 36ko Gerrak eta beste inguruabar batzuen ondorioz ez baitziren 21 edizio ospatu.

Aurtengoa, baina, aurreko 78 edizioetatik ezberdina izango da, eta Algortako Portu Zaharreko jaien erdian egingo baita, abuztuaren 11n, Parisko Joko Olinpikoen ospakizunaren eta Donostiako Klasikoa bezalako proba garrantzitsuen ospakizunak dakarren atzerapenaren ondorioz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun