Aitortzen duenez, hiri horrek ospe txarra du, eta urte luzez aurreikuspen hori izan du inguru hartaz, bertara heldu zen arte, "egoera guztiz desberdin batekin egin bainuen topo". Tijuanara egokitzeko prozesua, baina, ezustekoz beteta izan zen, batez ere hizkuntzaren arloan. Hizkuntza nagusia gaztelania bada ere, Kaliforniako mugako tokiko adierazpenek eta ingelesaren ohiko erabilerak erronka berri bat ezarri zioten algortarrari, "hizkuntza berria dirudi". Hango gastronomia aberatsa eta askotarikoa da, baina takoak dira benetako izarrak. Edariari dagokionez, fruta zukuak, tekila, mezkala eta aski ezaguna den Guadalupeko Haraneko ardoa topa daitezke, "baita artisau-garagardo barietate amaigabea ere".
Tijuana etengabe hazten ari den hiri kosmopolita dela azpimarratzen du Aitorrek. Azken hamarkadan azpiegiturak eta aisialdirako zentroak izugarri garatu dira, eta museoak bisitatzea, mendi-ibiliez gozatzea eta bertako gastronomiaz gozatzea gomendatzen die bisitariei. Tijuanako hondartzak, bere itsas pasealekua ikur, ilunabar ikusgarriak ikusteko aukera eskaintzen du eta, noizbehinka, izurdeak ikusteko aukera, "adi egon behar da, hori bai!". Algortarra liluratu duena tijuanarren poza eta abegikortasuna izan da: "Oso erraza da lagunak egitea eta planak egitea". Gainera, Tijuanak historia aberatsa du, munduko muga-porturik gurutzatuena baita, eta, datu bitxi gisa, gogoratu du Caesar Cardinik han asmatu zuela Zesar entsalada, 1924an, eta oraindino ere Caesars jatetxean modu tradizionalean zerbitzatzen dela, "mahaian bertan eginda"