Elkarrizketak

Unai Elorriaga: "Nire arbasoaren bizitzako hutsuneak bete ditut ipuinen bitartez"

Nahia Martinez Gondra 2024ko uzt. 9a, 13:24

Elorriagaren zazpigarren liburua da.

Unai Elorriaga algortarrak bere zazpigarren eleberria kaleratu du: Francesco Pasqualeren bosgarren arima. Bere baitan ixten diren 20 kapitulu independentez osatuta, errealitatea eta fikzioa nahastu ditu nobela berri hau eraikitzeko. Bere arbasoa den Franceso Pasqualeren bizitza hizpide, obraren atal bakoitzak sorpresa bat ezkutatzen duela baieztatu digu Elorriagak. Hala, idazleak berak lehen eskutik azaldu ditu zeintzuk diren bere liburu berriaren nondik norakoak.

Hasteko, nor da Francesco Pasquale?

Benetan existitu zen gizon bat da, XIX. mendekoa. Italia hegoaldetik etorri zen nire familiako arbaso bat da, Sapri izeneko herri txiki batetik. Bermeora joan eta han ezkondu zen, eta bertatik gatoz gu. Gure familian beti jakin izan dugu Italiatik etorritako senide bat genuela baina ez dugu inoiz jakin nor zen. 2016 inguruan, familiar batek esan zigun bere inguruko informazioa bilduta zuela, eta hori irakurtzean ikusi nuen bertan mamia zegoela liburu bat idazteko. 

Informazio hori literaturagaz osatu duzu. Nondik atera duzu inspirazioa ezagutu ez duzun arbaso horri buruz idazteko?

XIX. mende erdialdean etorri zenez Euskal Herrira, oso datu gutxi ditugu gure arbaso horri buruz. Bakarrik ezagutzen dira oso datu konkretuak: noiz etorri zen, zein urtetan erroldatu zen, noiz ezkondu zen lehenengo eta bigarren aldiz, noiz hil zen bere lehenengo emaztea, noiz izan zituen bere seme-alabak, etab. Eliz-barrutietan gordetzen diren datu konkretuak soilik heldu zaizkigu. Orduan, berak emandako pausoei jarraituz, hipotesi batzuk egin daitezke: zergatik etorri zen Italiatik, zergatik etorri zen behin mediterraneoa pasatuta iparraldera, etab. Hipotesi horietatik tiraka, nire nobela osatu dut. Dakiguna mamitu eta literatura bihurtu dut. 

Nobelako kapitulu bakoitza ipuin bat da. Zergatik erabaki duzu obra modu horretan eraikitzea?

Francesco protagonistaren bizitzako zati bakoitza, ipuin bihurtu dut: haurtzaroa, gaztaroa, nerabezaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Hala, bere bizitzako zati edo mugarri bakoitzarekin, ipuin oso bat osatu dut. Liburua osorik irakur daiteke bere bizitzaren inguruko nobela baten moduan. Baina, bestetik, zuk zazpigarren ipuina har dezakezu, bera bakarrik irakurri, eta ipuin moduan funtzionatu beharko luke. Literaturarekin jolasteko modu bat da, bere bizitzako hutsuneak ipuinen bitartez betetzeko modu berezi bat.

Ipuin guzti horietan Francesco ez da protagonista beti, batzuetan bigarren edo hirugarren mailako pertsonaia da. Bestetan, hor iskina batean agertzen den pertsonaia ere bada. Beraz, oso modu berezian dago eginda liburua, obrak pertsona baten bizitzaren berri ematen dizulako, baina, bestetik, kapitulu bakoitzean sorpresa edo ipuin bat dagoelako. Harritzen gaituen zerbait dago, bere baitan ixten dena eta posliterario hori ematen diguna. Edo behintzat hori izan da nire asmoa. 

Nondik dator izenburua?

Bosta oso zenbaki magikoa da euskaraz. Orain, ez dugu inpresio hori, baina literaturan eta historian zehar XVII. eta XVIII. mendeetan egin diren testuak aztertuz gero, askotan agertzen da bosta mugagabe moduan. Bostaren esanahia "asko" adieraztea zen: “bost lagun egon gara”, esaterako. Horrek esan nahi zuen lagun asko egon zirela. Bertso askotan ere agertzen da: “bost negar egiteko jaio ginen”. Bost zenbakiarekin jolas asko egin izan da. 

Bestalde, hemengo jendeak ezagutuko duen moduan, Getxoko hilerria Bosgarrena kalean dago. Polita iruditu zitzaidan tituluko "bosgarrena" hartzea sinbolo moduan: bost zenbaki magikoa delako eta Bosgarrena hilerrirako bidean doan kalea delako. 

Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?

Bost urte eman ditut liburua idazten, beraz, gauzak asko aldatzen joan dira. Denbora asko igarotzen duzu gauzei buelta ematen eta hausnartzen… Zalantzak dituzu, batzuetan asko disfrutatzen duzu eta beste batzuetan sufritzen duzu. Oso prozesu luzea eta gorabeheratsua izaten da, beraz, denetarik pentsatzeko astia dago. 

Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen liburu honek arima zuela nabari zenuela. Nola dakizu hori?

Erantzunak jasotzen hasten zarenean, sentitzen duzu. Idazten ari zarenean zuk ez dakizu ea liburu hori helduko den norbaiten barrenera. Zuk egiten duzu ahal duzun modurik onenean. Oso barneratuta duzu istorioa, oso zurea da, asko pentsatu duzu horren inguruan, baina ez dakizu horrek zure kanpoan dagoen beste irakurle bati zer eragingo dion.

Hasten zarenean jasotzen besteen irakurketak eta iritziak, eta ikusten duzunean emozioak sortarazi dizkiezula irakurleei, igartzen duzu liburuak arima duela. Iruzkinetan igartzen duzu zuk nahi zenuen hori lortu duzula. Batzuetan, egiten duzu ahalegina eta ez duzu lortzen; niri gertatu zait beste liburu askorekin. Askotan pentsatu dut liburu edo kapitulu batek indar handia zuela eta gero irakurleengan ez du eragin handirik izaten. Baina honetan bai nabaritu dudala. Momentuz, nire irakurleek esan didate oso liburu berezia egin dudala, inoiz irakurri ez dutena eta oso sakonera heldu zaiena.

Behin liburua idatzi duzula, sentitzen duzu zure arbaso hori gehiago ezagutzen duzula?

Bai, dudarik gabe. Hori oso kuriosoa izan da, familian ez dugulako inoiz asko jakin arbaso horren inguruan: italiarra zela eta bere abizena genuela. Azkenean, nire amaren birraitita da, 1910ean hil zena, orain dela 114 urte. Beraz, ez dago ezagutu zuen inor bizirik. Dugun guztia dokumentuak dira, eta horietatik tiraka, bere bizitzaren inguruan pentsatu dut: zergatik joan zen Elorriotik Bermiora, nola joan zen, zergatik saltzen zituen gauzak, zenbat tardatu zuen Italiatik hona... Hasten zara apurka-apurka sartzen bere barruan eta egunerokotasunean. Bere esperientzian barrena, bere lekuan jartzen zara. Beharbada, gero benetan ezagutuko banu, ez zen izango nik imajinatutakoa. Baina uste dut oso ondo ezagutzen dudala edo behintzat ulertzen dudala zer egin zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun