Eurokopako finala hasi baino lehen, Algortako herritarrek deituta, hainbat auzokide hurbildu zen San Nikolas plazara. Ikurrinez lagunduta, bertaratutakoek euskal herritarrak direla "argi eta garbi" adierazi zuten, baita azken asteotan kaleetan eta hainbat komunikabidetan ikusitako "espainolismoaren" normalizazioa deitoratu ere. "Euskal selekzioaren ofizialtasuna ukatzen diguten horiek, kirolaren eta elkarbizitzaren argudioen bitartez, espainiar selekzioaren agenda inposatu nahi digute, gure herriak jasaten duen asimilazio nazionalean geroz eta gehiago sakonduz", salatu zuten.
Azpimarratu zutenez, normalizazioaren albo-kalte "nabaria" da ere Euskal Futbol Federakundeak azken urteotan bizi duen "utzikeria". Deitoratu zuten 2018ko abenduan Durangon hartutako erabakiaz ahaztu direla, eta ofizialtasuna eskatzeko prozesua "bertan behera" uzteaz gain, euskal selekzioa "ahanzturara" eraman dutela kritikatu zuten: "Normalizazio horren adierazle kezkagarria da ere".
Atzokoa partidu bat baino gehiago zela nabarmendu zuten, eta azpimarratu "euskal nortasuna deuseztatzeko eta azken urteetan hedatzen ari den espainolismoaren zabalpena" zuela helburu. Horren aurrean, eta "Espainia gure herria zapaltzen duen estatua izanik", "espainolismoaren" normalizaziorik gura ez dutela aldarrikatu zuten.
Horrez gainera, Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan "herri gisa" parte hartzea eskatu zuten.