Rosi Mendezek txikitatik izan du konexio indartsua musika eta dantzagaz. 18 urtegaz Areetako dantza eskolara apuntatu zen, eta bertan dantza garaikidea, klasikoa eta jazza ezagutu zituen.Bere irakaslea zen Tere jubilatzerakoan, Tandi izeneko dantza-taldea sortu zuen bere lagunakaz, eta ikuskizunak ematen hasi ziren, batez ere, inaugurazioetan. "Bilboko Euskaldunan dantzatzeko aukera izan genuen, Arte Eszenikoen Max Sarietan", oroitzen du. 2014an, zumba formakuntza jaso zuen eta apurka-apurka kaleko saioak ematen hasi zen: "Lehenengoa, Getxo Kirolak-ek antolatutako Athletic-eko ekimen batean izan zen, Telletxe plazan". Egun, saio solidarioak egiten ditu minbizi metastasikoa duten emakumeakaz, eta udaro dantzatzen du Portu Zaharreko jaietan zein San Nikolas ikastolako ekimen ezberdinetan.
Aurten, gainera, Getxoko Ibilaldian dantzatzeko aukera izan zuen. "Niretzako beste maila batera igotzea izan zen. Oholtzatik jaistean negarrez hasi nintzen; oso hunkituta nengoen", baieztatu du, irribarrez. Hala, zumba irakasle gisa duen helburu bakarra da bere ikasleek "ondo pasatzea eta bere arazoez ahaztea". Dantzaz gain, administrazioan lan egiten du goizetan. "Goizeko lanak egonkortasuna ematen dit familia aurrera eramateko, eta arratsaldeko dantza klaseek, ostera, bizitza ematen didate".
Hala, argi du nahiz eta denbora aurrera joan, berak dantzatzen jarraitu duela, "barruan" daraman zerbait delako. «Askotan, oholtzatik publiko guztia ikusten dudanean, pentsatzen dut nola egin dudan hau guztia lortzeko... Oso eskertuta nago». Bere lagun batek behin esan ziona gogoratu du: "Rosi, oholtzan dantzan ikusten zaitudanean, uda gogorarazten didazu". Beraz, jai hauetan ere, eskualdeko lagunek Rosi Zumbaren erritmoan dantzatzeko zortea izango dute udako unerik oroigarrienetan.
© ROSI MENDEZ