Aurreko asteko suteetako lehena uztailaren 25eko 16:20an izan zen, Romoko Ezequiel Aguirre kalean, kartoizko edukiontzi batek su hartu zuenean ezagutzen ez ziren arrazoiengatik. Ondoren, 16:45ean, Ibaibide kalean beste edukiontzi bat erre zen, hori ere arrazoi ezezagunengatik. Aurrez prestatutako ekintza baten susmoen aurrean, udaltzainek zaintza- eta kontrol-dispositiboa abiatu zuten, gertakarien egileak identifikatzen saiatzeko.
Egun bereko 21:20ak aldera, beste lau edukiontzi erre ziren jarraian Areetako eta Itzulbatzeta/Romoko hainbat tokitan. Udaltzaingoak gizonezko bat aurkitu zuen korrika ateratzen erretako edukiontzien ingurutik, eta, ondorioz, haren atzetik joan ziren. Errekagane eta Lope de Vega kaleen artean atzeman eta identifikatu ondoren, metxeroak eta zeramatzan gainontzeko gauzak konfiskatu zizkioten. Une honetan, eginbideak abian daude, ondoren Epaitegira bidaltzeko.