Uztailaren 1ean, Atharratzetik (Zuberoa) abiatu zen espedizioan Euskal Herriko eta diasporako 15 eta 17 urte arteko 127 gaztek eta 30 begiralek parte hartu dute. Gure geografiako hainbat eta hainbat txokotatik ibili eta gero, ekimena Getxon bukatu da uztailaren 31n, Muxikebarrin egin duten ekitaldian. Aurretik, Aguirre Getxoko alkateak ere ongietorri-ekitaldia egin die Bizkaia Zubiaren itzalpean.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekimenean solidaritatea, lankidetza, adiskidetasuna eta beste hainbat balio jorratu dituzte, baina ekimenaren ardatz nagusia euskara eta euskal kultura izan dira. Hala, hilabetez, mendietan, hondartzetan eta herrietan ibili dira abesten, dantzan, kultur ikuskizunez gozatzen eta sormena lantzen, Euskal Herriaren aniztasunaz jabetzen.
Azken etapa itsasontziz egin dute Bilboko Itsas Museotik Portugaletera, itsasadarra Bizkaia Zubitik igarotzeko. Hortik, Algortara bidea egin dute, Berangoko joaldunek lagunduta, Muxikebarri antzokian aurtengo espedizioa bukatzeko ekitaldia egiteko. Bidetik baina, guraso eta senideak ere izan dituzte zain, eta horiek hilabete eta gero lehen aldiz ikustean, emozioak gainezka egin du malko eta besarkaden artean.
Kamiseta larajaz eta urdinez betetako Ereaga aretoan EuskarAbenturako antolatzaileek esker oneko hitzak izan dituzte bai parte-hartzaileentzako baita boluntario eta laguntzaileentzako ere. Gazte horiek orain EuskarAbenturaren komunitatearen parte direla adierazi dute, azpimarratuz orain beraiei dagokiela euskararen sarea hedatzea.