Egia esan, ahaztezina izan zen". Halaxe gogoratzen dute Potro Handi kuadrillako mutilek 2023an Portu Zaharreko kuadrillen txapelketako garaikurra altxatu zuten unea. Azaltzen dutenez, 15 urte dira festetan parte hartzen dutela, eta asko desiratzen zuten txapela janztea: "Txapelketa beste kuadrilla batek irabaziko zutenaren zurrumurruak zabaldu ziren azken unean, eta Potro Handi izena iragarri zutenean, emozioa deskribaezina izan zen".
"Seguruenik aurrekontu falta dela eta, ez da lan erreza izango, baina kontzertu nabarmenagoak faltan botatzen ditugu"
Diotenez, duela urte batzuk playback-a zuten probarik "gogorrena", jaitsiera prestatzeko egindako inbertsioen ostean, "denbora eta ideia gutxi" zutelako horri aurre egiteko. Hala ere, aitortzen dute gaur egun antzara-proba dutela zerrenda beltzean, jaietan parte hartzen duten 20 bat lagunetatik inork ez duelako egin gura. Gogokoena, aldiz, kuadrillen jaitsiera dute, festen lehenengo egunean. Gainera, uste dute proba hori ondo eginez gero, txapelketa irabazteko aukerak daudela: "Ondo hastea garrantzitsua da motibatuta jarraitzeko". Gogoratzen dutenez, 2023an ondo pasatzea zuten helburu nagusi, "beti bezala". Hala ere, aitortzen dute irabazteko guraria beti dagoela. Aurten, baina, Txo panpina eurakaz eramateagaz nahikoa dutela dirudi, ilusioz egingo dutela azpimarratzen dute, eta iragarri dute aurtengoa izan daitekeela azken parte-hartzea.
Jaiei dagokienez, egunez zein gauez gozatzen dutela diote, eta oso balorazio ona egiten diete festei, probak "ezberdinak eta dibertigarriak" direlako. Jai-batzordeak egiten duen lan "itzela" aitortzen duten arren, uste dute kontzertu ezagun gehiago behar direla, eta iaz Gazte Txosnagaz izandako jarrera deitoratu dute, agertokia jartzea debekatu zitzaielako, "gazteek lan handia egiten dutelako jaiak girotzeko, herria animatzeko eta giro osasuntsua sustatzeko".