Getxoko Jabekuntza Eskolak ikasturte honetarako tailerretan izena emateko epea ireki du, hilaren 26ra arte

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 3a, 10:50

Urtero legez, ikasturte berriaren hasieragaz batera, datozen hilabeteotarako antolatutako tailerretan eta ikastaroetan izena emateko epea ireki du Getxoko Jabekuntza Eskolak. Gaur, hilaren 3an, zabaldu dute tartea, irailaren 26ra arte. Izen-emateak udal-webgunearen, 944 660 000 telefono zenbakira deituta, herritarren arretarako bulegoetan eta Berdintasun Zerbitzuan (Urgull kalea, z.g., 2. solairua, Algorta) egin ahalko da.

Eskaintza guztia doakoa izango da, baina plazak mugatuak dira. Hala, izena ematea derrigorrezkoa da eta, arduradunek jakinarazi dutenez, parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru ikastarotan izena eman ahal izango du. Getxon erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute izena ematerakoan.

“Aurten ere, Getxoko Jabekuntza Eskolak adin eta jatorri ezberdinetako emakumeei hausnarketa egiteko, eztabaidatzeko eta ikasteko, eta aldi berean, biltzeko aukera eskainiko die, bai eta taldeka eta sareetan antolatzeko. Eskola gune irisgarria eta anitza, baita munduari buruz
dugun pertzepzioa aldatzen laguntzen duten tresnak eskuratzeko aukera eskaintzen duen tokia ere”, nabarmendu du Carmen Diaz
Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Ikastaroen zerrenda

  • Pelbis-zorua indartzea
  • Chi Kung. Gure bizi-energia hobetzea (euskaraz)
  • Isilarazitako sormena (euskaraz)
  • RE-CORDIS. Bihotzetik berriro pasatzea
  • Gorputz-ahalduntze feminista
  • Bazen behin… Euskal matriarkatua
  • Cumbia: Feminismoa eta antiarrazakeria bultzatu gorputzaren bidez

Izen-ematerik behar ez duten talde egonkorrak

  • Antzerki laborategia: “Gure ahala zentroan”
  • Las Lombardas, abesbatza feminista
  • Danborrakaz migratutako emakumeen taldea
Herritar guztientzako jarduerak
  • June Fernandezen Sueños y vasijas liburuaren aurkezpena
  • Antzerkia: Llámalo X
  • Berdintasunerako Gizonak tailerra, 10 orduz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun