Kirolari getxoztarrak ez zuen finalerako txartela lortu sailkatze txandan; izan ere, serie bakoitzeko piraguistarik azkarrena baino ez zen sartzen horretan, eta Fernando Rufino de Paulo brasildarrak ezarritako erritmoa altuegia izan zen Riverorentzat, gehiegizkoa. Laugarren postuan bukatu zuen bere sailkatze-txanda eta finalerdietara pasa zen, final handira heltzeko beste pauso bat ematera behartuta.
Atzo, domekan, eguneko bigarren finalerdian lehiatzea egokitu zitzaion, bietan zailena, eta gainera, haizea kontra izateak ere ez zion batere lagundu. Riverok laugarren postuan bukatu zuen bere txanda, 56.28ko denboragaz, Blake Haxton estatubatuarrarengandik 3.59ra. Zazpigarren izan zen finalerdi biak kontuan hartuta. Finalean txanda bakoitzeko hiru onenak sartzen ziren.
Riverok, nazioarteko hainbat domina izateaz gain, bere palmaresean diploma paralinpikoa ere badu, 2021eko Tokioko Jokoetan bereganatutakoa, seigarren postuagatik.
Pariseko Jokoetan bere parte-hartzea amaitu ondoren, Higinio bere hurrengo erronkari begira dago: 2026an Milan-Cortina d’ Ampezzon jokatuko diren Neguko Jokoetarako sailkatu gura du. Aurreko denboraldian, iraupen eskian eta biathloian lehiatzen hasi zen nazioartean, eta honetan gauza bera egingo du. Atseden egun gutxi hartuko ditu elurretako entrenamenduetan pentsatzen hasi behar duelako.