Elkarrizketak

Veva Linaza: "Pintura zer den eta nola mugitzen den hausnartzeko tresna da bideoa"

Nahia Martinez Gondra 2024ko ira. 25a, 12:15

2010 eta 2019 urteen artean egindako lau obra independenteri osotasuna eman die Linazak. © VEVA LINAZA

Pintura, paisaia eta niaren kontzeptuez hausnartu du Veva Linaza artista algortarrak bere azkenengo Rondó liburuan. 2010 eta 2019 urteen artean egindako lau obra independenteri osotasuna eman die, argazkiak, bideoak, margolanak eta testuak erabiliz.

Rondón paisaien margolanak dira nagusi. Naturan bertan margotu dituzu?

Batzuk aire zabalean bertan egin ditut, eta beste batzuk estudioan. 2010ean ez nuen estudio finkorik, horregatik, zuhaitzen azpian margotzen hasi nintzen. Dena hasi zen zuhaitz pean eta horien itzalekin jolasten. Itzalaren mugimendua pintzelarekin jarraitzen nuen, eta hori pixkanaka-pixkanaka abstraktu bihurtzen hasi zen. "Zurrunbilo" horretan sartu nintzen eta, 2013an, BilbaoArteren beka bat lortu nuen lan horrekin jarraitzeko. Getxo Kulturak liburu hau argitaratzen lagundu dit ere.

Zein garrantzi du bideoak zure obran?

Zuhaitz pean ikusten nituen itzal horiek estudiora eraman behar nituen. Hala, bideoak grabatzen nituen basoan eta, gero, estudioan proiektatzen nituen oihal baten gainean. Ondoren, horiek margotzen nituen bideoaren mugimenduarekin batera. Itzal edo argi naturalaren mugimendua bideoaren mugimenduagatik aldatu nuen. Pintura zer den pentsatzeko eta nola mugitzen den hausnartzeko tresna oso baliagarria da bideoa.

Liburuan, argazkiez aparte, testuak ere daude.

Bai. Urte horietan egindako lanak berrikusi eta autokritika bat egiten dut. Paisaiaren inguruko testuak egiten hasi nintzen eta kontzeptu horiek ere berriro aztertzen, baina, oraingoan, hitzetatik abiatuta. 

Nolakoa izan da testu horiek idazteko prozesua?

Korapilatsua, proiektuak independenteak izan arren, lotura indartsua dutelako. Egitura lortzea oso zaila izan zen. Egun batean, irratiko programa batean, rondo musikari buruz hitz egiten hasi ziren. Rondo musika errepikapena da: leloa errepikatzen da. Hala, liburuari egitura hori erantsi nion. Leloa, kasu honetan, nik asmatutako txango bat da, erromantizismoko koadro batzuekin ageri dena. Bertan, fikziozko pertsonaia batzuk daude, eta, haiek ere, pintura, paisaia eta niaren kontzeptuak aztertzen dituzte elkarrizketaren bidez. Txango horrek liburu osoa zeharkatzen du.

Obra horiek aspaldikoak dira. Zertan zabiltza gaur egun?

Duela bi urte Lanzaroteko (Kanaria Uharteak) egoitza artistiko batean hasitako plein air proiektuan nabil. Bertako paisaiak margotzen ibili nintzen, eta, bueltatzean, horretan ere aritu naiz: hemengo mendietan eta, orain, hondartzetan ere. Getxo Kulturak beste laguntza bat eman dit. Hala, koadro hauek margotzeko kanpoaldean hasten naiz, baina, gero, estudioan bukatzen dut. Izan ere, olioarekin nabil margotzen, eta 4 x 2 metroko koadro handiak dira.

Irudiak nagusi

Rondó liburua Bilboko ANTI liburutegian dago salgai. Elebiduna da: leloa euskaraz dago eta hausnarketak gaztelaniaz. Batez ere, "lau pieza artistikoren prozesuaren irudiak ditu oinarri", azaldu du Linazak. Gainera, obraren bideoak, artistaren webgunean daude ikusgai. Eskuratu liburua zuk ere ikusgai dugun zozketan!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun