Getxoko jaiak tokiak tokiko jai-batzordeek prestatu dituzte egitarauak, Udalak emandako diru-laguntzen eta utzitako materialen bidez, besteak beste. "Urtez urte aurrera egiten dugu komunikazioan, koordinazioan eta baliabideen kudeaketan", adierazi du alkateak. Azpiegiturei dagokienez, 2024 honetan, udal-iturriek nabarmendu dute hiru komun publiko gehiago ezarri dituztela Algortako, Itzubaltzeta/Romoko eta Portu Zaharreko jaietan. Komun indibidualak, pixatokiak, ispiludun bainugelak eta komun egokituak dituzten aldi baterako moduluak izan dira, ingurune seguruetan kokatuak, argiztatuak eta langileek zainduak. Era berean, gogoratu dute gaueko autobus-linea egon dela martxan, eta hori gero eta gehiago erabiltzen den zerbitzua dela.
Herri zaintza
Udaltzaingoaren kalkuluen arabera, 200.000 pertsona inguruk hartu dute parte Getxoko udako jaietan. Metro Bilbaoren datuen arabera, 107.116 pertsonak (iaz 101.142 izan ziren) erabili zuten metroa udalerrira hurbiltzeko.
Udalak polizia-agenteen kopurua handitu du ospakizun horietan, eta bideozaintza prebentiboko sistemak jarri ditu. "Horri esker, nabarmen murriztu da Algortako, Itzubaltzeta/Romoko eta Portu Zaharreko jaietako delituen kopurua (-% 43,75), iazko 80 salaketetatik 45era jaitsi baita", azaldu dute arduradunek.
Arau-hauste penalen beherakada hori gorabehera, atxilotutako edo ikertutako pertsonen kopurua % 28,57 igo da, 21etik 27ra. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak koordinatuta egindako lanari esker, delinkuentzia-datuen jaitsiera orokorra % 40,33koa izan da hiru jai horietan: 2024an 108 delitu salatu dira, eta iaz, berriz, 181. Paelletan 2024ko datuak "ezin hobeak" direla nabarmendu dute, 0 delitu salatu baitira.
"Nabarmendu behar da, bideo-zaintzako sistemari esker, Udaltzaingoak hamar aldiz jardun duela, eta horiek argitzeko aukera izan duela, bai prebentzioz (borroka-gertakariak), bai gertakariak ebaztean", iturriek zehaztu dutenez.
Puntu morea
Eraso matxisten biktimentzako zuzeneko arretako puntu moreak lan handia egin du udalerriko jaietan; izan ere, gauero 50 pertsona artatu ditu, batez beste, eta nabarmendu dute auzo bakoitzean parte hartzen duten agenteekiko "etengabeko lankidetza eta komunikazioa", hala nola jai-batzordeakaz, talde feministakaz eta Udaltzaingoagaz.
Kasuren batean puntu moreren baten kokapena egokitzea pentsatu bada ere arreta-baldintzak hobetzeko, iturriek zehaztu dute oro har lortu dela gune horiek jaietako eremuetan integratzea, eta horrek "erraztu" egin duela pertsonak gerturatzea, bai laguntza eskatzeko, bai informatzeko edo txapak eta eranskailuak eskatzeko. "Presentzia fisiko bisualak erasoak saihesten laguntzen du, poliziarekiko koordinazioa oso ona izan da, eta puntu morearen teknikariak komunitate-mailan ere koordinatu dira, jai-guneetako prebentzioa eta jarduna jai-batzordeekin eta mugimendu feministekin lantzeko", nabarmendu dute iturriek. Hori horrela, Getxoko jai-esparruetan horrelako espazioak sustatzen jarraituko dela iragarri du Udalak.