Herritarrek 'Auzokideen mosaikoa' proposamena aukeratu dute Xake plazako horma-irudia ordezkatzeko

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 26a, 10:07

Xake plaza, airetik. © GETXOKO UDALA

Miren Larrea muralismo deialdiaren prozesu parte-hartzaile ez-loteslean, auzokideek Auzotarren mosaikoa aukeratu dute. Orain, epaimahaia bilduko da, urrian, behin betiko proposamena egiteko Kultur Etxeari. Guztira, 726 pertsonak parte hartu dute prozesuan, eta Giorgos Gkareth Christou artistak egindako proposamenak 235 boto jaso ditu.

Partaidetza-prozesua irailaren 5etik 15era egin da, eta 726 parte-hartzaileren botoa jaso da horretan. Zeugaz plataformaren bidez eta aurrez aurre Romo Kultur Etxean, Villamonteko kultur etxean eta Getxo Elkartegian euren proiektu gogokoena hautatzeko aukera izan dute herritarrek.

Boto gehien jaso duen proposamena Giorgos Gkareth Christouren lana da eta Auzotarren mosaikoa du izenburua. Lan horren bidez, artistak plazako erreferente ezagunak indartu gura izan ditu, eta horretarako collage analogikoa erabiltzen du. Horrek auzoan zehar paseatzea proposatzen du, elementu arkitektoniko eta natural desberdinen eskutik, baita eguneroko eszenak erakutsi ere, betiere sakontasunagaz eta altueragaz jolastuz.

https://hiruka.tokimedia.eus/imagecache/original/2024_36/2529/argazki/19529_1725358661.jpg

Proiektuak 235 boto jaso ditu eta, horren atzetik, honako proposamen hauek geratu dira: Aaron Diego Escauriazaren Ajedrez (187 boto), Amaia Arrazola Otaduyren La mirada de Miren (172 boto), Luis Olaso Garraldaren Cuatro estaciones (77 boto) eta Jose Ramon Bañalesen Urban jake (55 boto). Bost lan horiek lehiaketako epaimahaiak aukeratu zituen finalista izateko, lehiaketara aurkeztutako 33 proposamenetatik.

Irabazlea aukeratzeko azken pausoak

Miren Larrea muralismo-lehiaketako epaimahaia urrian bildu ondoren, aukeratutako proposamenaren egile den artistagaz adostuko du kontratua Kultur Etxeak. Behin proiektua hasita, artistak lau hilabete izango ditu hori amaitzeko. Obra herritarrengana hurbiltzeko, egileak bitartekaritza-prozesu bat egin beharko du, eta Getxo Kulturak horren berri emango du unean-unean. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Getxo Kulturako zuzendaritzak, erakundeko bi teknikarik, fatxadaren jabe titularraren jabeen erkidegoko ordezkari batek eta Antzezaleak eta Garrobi tokiko talde artistikoek izendatutako bi sortzailek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun