Irailaren 5etik 15era baduzu aukera Areetako Geltokia Plazako horma-irudirik gustokoena aukeratzeko. Lotesle ez den herritar prozesu hau irailaren 5etik 15era egongo da zabalik.
— Getxo Kultura (@getxokultura) September 3, 2024
informazioa eta online bozketa: https://t.co/CN0OefSzwA
(1/3) pic.twitter.com/iZpTd8HcNJ
Irailaren 5etik 15era bitartean, Areetako Xake plazako horma-irudirako proposamen gogokoena bozkatu ahal izango dute getxoztarrek. Loteslea ez den prozesu honetan, Getxo Kulturak aurten abian jarri duen Miren Larrea I. Muralismo Lehiaketako bost proposamen finalisten artean aukeratu ahal izango da.
Deialdira aurkeztutako 33 lanetatik, epaimahaiak joan den hilabetean aukeratu zituen bost irudiok. Azken erabakia aipatutako epaimahaiaren esku egongo bada ere, prozesu honen helburua da "herritarren iritzia ezagutzea", arduradunek azpimarratu dutenez. Behin kontsulta-prozesua amaituta, Udaleko Gobernu Irekiaren eta Modernizazioaren Arloak bere emaitzak helaraziko dizkio Getxo Kulturari, azken balorazioa egin dezan eta Ibaigane kaleko 3 eta 5 zenbakietako higiezinaren fatxadan azkenean islatuko den proiektua zein izango den erabakitzeko.
Hautatutako lehen proposamena, Amaia Arrazola Otaduyren Mirenen begirada lana, deialdiari izena ematen dion Miren Larrearen figura du ardatz, eta artista getxoztarraren argazkietan inspiratutako formatu handiko komiki moduko bat da. Getxoko leku, tradizio, irudi eta elementuetan barrena ibilbidea proposatzen du, besteak beste, aurreko horma-irudiaren xakea eta Bizkaia Zubia.
Bigarren proiektua Giorgos Gkareth Christouren lana da, eta Auzotarren mosaikoa du izen. Lan horren bidez, plazako erreferente ezagunak indartu gura ditu, eta horretarako collage analogiko bat erabiltzen du. Collage horrek paseoa proposatzen du auzoan zehar, elementu arkitektoniko eta natural desberdinen eskutik, baita eguneroko eszenak ere, "betiere sakontasunarekin eta altuerarekin jolastuz", azaldu dutenez.
Hirugarren lana, Cuatro estaciones izenekoa, Luis Olaso Garraldak aurkeztu du eta "estetika eta sakontasuna" bateratzea du helburu. "Estación" kontzeptutik abiatuta, plazari estu lotuta, jolas kontzeptual bat ezartzen du, kontzeptu hori denbora-unitate gisa aipatuz, eta, horren bidez, plaza-inguruko biztanleek erraz ezagut ditzaketen elementuak islatzen ditu, hala nola lorategietako landaredia, itsasoa, Zugatzarteko pasabideko orbela udazkenean eta neguko euria.
Aaaron Diego Escauriaza da Xakea izeneko laugarren proiektuaren egilea. Abangoardiako estiloko lana da, eta formen eta koloreen bidez ibilbide bisual bat sortzen duen aldez aurreko estudio geometriko batean datza. Xake-taula nabarmentzen da, non jokoaren irudiak geometriekin eta kontraste piktorikoekin integratzen diren, bizitasuna gehituz eta multzoaren harmonia mantenduz.
Azkenik, José Ramón Bañales sortzailea da Urban Jake bosgarren proposamenaren egilea. Getxoko auzoko plaza jantzi duen José Miguel Ibarretxeren hormako hitzaldiagaz estuki lotuta, lan honek hiri-espazio baten aireko ikuspegia islatzen du, xake-taula gisa, non oinezkoak pieza aktiboak diren eta herritarren protagonismoa aipatzen duen.
Epaimahaiaren erabakia
Kontsulta-prozesua amaitu ondoren, lortutako emaitzak lehiaketako epaimahaiari jakinaraziko zaizkio, eta, horrek, bere erabakian herritarren iritzia eta hainbat balorazio-irizpide kontuan hartuko ditu. Epaimahaia Getxo Kulturako zuzendaritzak, erakundeko bi teknikarik, fatxadaren jabe den erkidegoko ordezkari batek eta Antzezaleak eta Garrobi tokiko talde artistikoek izendatutako bi sortzailek osatuko dute.
Proiektu irabazlearen berri eman eta proiektua gauzatzeko xehetasunak adostu ondoren, gehienez ere lau hilabeteko epean egin beharko da. Obra herritarrengana hurbiltzeko, egileak bitartekaritza-prozesu bat egin beharko du, eta Getxo Kulturak horren berri emango du unean-unean.