Eguraldiak lagunduta, giro atsegina eta paregabea izan zen kalean. 34 taldek parte hartu zuten, eta 700 lagun inguruk izena eman bazuten ere, plazako jardueretara, kalejirara eta tailerretara bisitari gehiago bertaratu ziren. Jaialdia oso askotarikoa izan zen, adin guztietako jendea bildu zuena; hala ere, antolatzaileek gazteen parte-hartze handia nabarmendu dute. Jatorriei dagokienez, askotariko pertsonak elkartu ziren jaian, besteak beste, Bolivia, Sahara, Maroko, Errumania, Errusia, Argentina, Euskal Herria, Kolonbia, Filipinak, Nikaragua, Etiopia, Salvador, Txile eta Uruguaikoak, baita Getxo, Itzubaltzeta/Romo, Neguri, Algorta eta Areetako auzoetakoak eta jatorri amazighekoak ere.
Ekitaldia Getxoko Munduko Arrozen lantaldeak antolatu zuen, eta talde hori osatzen dute hurrengo elkarteek: Abian, ACPBOL, Aisibizia, Argia, Amesten, Berdintasuna, Benta, Egizu, Eskubeltz, Gizatiar, Itxartu, Kabia, LMPt, Mujeres Con Voz, Ongi etorri errefuxiatuak, Pagkakaisa, Pertsonalde, Plataforma Inmigrantes de Getxo, San Nikolas Zabalik, Sikap eta Sortarazi. "Gure herria aberatsagoa egiten dugu elkarlanean eta denon artean", nabarmendu zuten antolatzaileek.