Mende laurdena beteko du aurten Indabadak. Data berezi hori dela eta, urriaren 26ko egitaraua berezia izango da?
Gure ideia nagusia da 25 urte hauetan egon izan diren Indabadako kide eta belaunaldi guztiak gonbidatzea eta denen gustukoa izango den egitarau bat eskaintzea. Horretarako, zenbait berrikuntza eskainiko ditugu: kuadrillen arteko txapelketa, tabernen inplikazioa handitu, Indabadaren aurreko egunetan herria berotu eta argazki-erakusketa, besteak beste.
Gainera, mende laurden herrian eragiten egon garela ospatzeko, gure eskaintza herriko musika-, kultura talde eta elkarteekin hornituko dugu, azken finean, herriko sortzaile eta elkarte desberdinei ahotsa eman nahi diegu.
Horrez guztiaz gainera, 25 urteotako ibilbidea gogoratzeko zerbait berezia duzue esku-artean, ezta?
Bai, dokumental bat egiten ari gara, eta gure ideia da dokumentala aurtengo Indabada ospatu ondoren kaleratzea, horrela, edizio honetako irudiak ere agertu daitezen. Bertan 25 urte hauetako ibilbidea erakutsiko dugu, baita Indabadaren eragina herrian ere.
Kuadrillen txapelketa deitu duzue, zer helburu duzue horregaz?
Batetik, gure helburuetako bat da egitaraua plazatik haratago eramatea, hau da, herrira zabaltzea, horrela parte hartzeko aukera gehiago eskainiz. Bestetik, pertsona gehiagok parte hartzea dugu helburu, eta txapelketa baten bidez parte hartze hori sustatu genezakeela pentsatu dugu; froga bat da eta ea zelan irteten den!
Zer balorazio egiten diozue ekimenari 25 urteren ostean?
Balorazioa oso positiboa da, izan ere, urtez urte arrakasta handiko ekimena izan da urtez urte. Indabadara belaunaldiz belaunaldi jende berria gehitu izan da eta polita da horren balore eta filosofia herriko gazteen aldaketa eta gustuekin batera aurrera nola doan ikustea. Kutsua mantenduz eta, aldi berean, etengabe berrituz, gure leloak dioena jarraituta kide berrien gustu eta nahiekin uztartzea lortu dugu.
Hasierako helburuak betetzen ditu gaur egun ere edo moldatu egin dira?
Aurretik esandakoarekin jarraituz, jatorrizko ideia eta filosofiak mantentzen badira ere, Indabadaren ezaugarri nagusienetariko bat da urteko polemika, gatazka edo aldarrikapenei eustea, eta horiek hartzen dute gaur egun ere erdigunea.
Zenbat jende aurreikusten duzue aurten?
Formatu aldaketarekin batera kopurua igoko dela uste dugu; gainera, 25 edizioa izanik, jende gehiago hurbilduko delakoan gaude.
Lantaldeari dagokionez zenbat jende zaudete ekimenaren atzean?
Talde motorrean 15-20 kide gaude momentu honetan, baina jende asko da egunean bertan edo lan egunetan laguntzeko prest agertzen dena, eta aurten ere hori espero dugu! Hala ere, betiko moduan, antolaketan lagundu nahi duen pertsona oro asanbladetara hurbiltzera gonbidatzen dugu. Aurten ere goazen Indabadan denok gure aletxoa jartzera!