"Irurak Bat" auzia

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu dute Getxoko gobernu-taldeak ez duela "Irurak Bat"en eraispena argitzeko borondaterik

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 9a, 16:00

Oposizioko alderdi biek deitoratu dute, ezohiko batzordea deitu bai, baina ukatu egin izana Atalaya Ereaga kooperatibako kide diren zinegotzi bien eta Hirigintza Arloko udal-langileen parte hartzea.

Getxoko Udalak gaur iragarri duenez, urriaren 18an ezohiko batzordea deituko du "Irurak Bat" eraikinaren eraisketari lotuta, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta. Hala ere, bi alderdiok salatu dute gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE) "legezko amarruak" erabiltzen ari dela, "ohituta gaituztenak, kooperatibisten eta alkatearen agerraldiak saihesteko. Borrokatu behar dugun legeria maltzur erabiltzen ari dira. Eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu gertakari horiek eta hirigintzako egoera argitzeko".

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ustez, erabaki horrek agerian uzten du gobernu-taldearen "gardentasun falta eta eraisteko prozeduran gertatutakoa argitzeko borondate eza". Oposizioko kideen arabera, EAJk eta PSE-EEk legeak ezarritakora mugatu dira soilik, "gobernu-taldeak deialdia egin behar izan baitu, batzordeko kideen % 25ek baino gehiagok eskatuta".

Egoera horren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gobernu-taldeari eskatu diote auzian inplikatutako zinegotzi guztiek, baita alkateak ere, "salbuespenik gabe" erantzun dezatela, oztopoak jartzeari utz diezaiotela eta eraikinaren eraispen irregularrari buruzko informazio guztia eman dezatela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun