HAPO berriak Fadura kiroldegia handitzea aurreikusten duela salatu du Getxoko EH Bilduk, "akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia duen eta Hezeguneen LPSa betetzen ez duen eremu batean"

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 16a, 13:05

HAPO berriak ingurune natural eta berdeak "txikitu" egingo dituela salatu du behin baino gehiagotan Getxoko EH Bilduk. © GETXOKO EH BILDU

Koalizio abertzaleak  salatu gura du HAPO berriak kirol-ekipamendua handitzea proposatzen duela akuiferoen kutsadurarekiko "kalteberatasun handia" duen eremu batean, eta, hartara, ez duela betetzen EAEko Hezeguneen LPSk (Lurraldearen Plangintza Sektoriala" ezarritakoa, "ez baitu baimentzen horrelako eremuetan kirol-instalazioak jartzea".

Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) dokumentazioa aztertzen jarraitzen du EH Bilduk, EAJk, PPk eta PSE-EEk aurtengo uztailean behin-behinean onartu zutena. Azken hilabeteotan planaren hainbat alderdi salatu dituzte, hala nola planak "espekulazioa eta eraikuntza masiboa" bultzatzen jarraituko duela herriko hainbat gunetan (Tosu, Muru, Salsidu, Arteaga...); Andra Mari edo Algortako baserri eta eraikin historikoen eraispena; Algortako batzokiko patioko hirigintza-operazioa, luxuzko hotela Lezama Leguizamonen eta luxuzko etxebizitzak Senerren lurzoruan.

Gaur, eguaztenean, koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, planaren puntu "ezezagunetako bat" Fadura kiroldegiaren handitzea da, "La Palmera" izeneko eremuan, Fadura bera eta Bolueko hezegunearen artean. EH Bilduk salatu du HAPOk kirol-ekipamendua handitzea proposatzen duela akuiferoen kutsadurarekiko "kalteberatasun handia" duen eremu batean, eta, beraz, ez duela betetzen EAEko Hezeguneen LPSk (Lurraldearen Plangintza Sektoriala) ezarritakoa, "ez baitu baimentzen horrelako eremuetan kirol-instalazioak jartzea".

Zehazki, EH Bilduk azaldu duenez, Fadurako handitzeak 44.566 metro koadroko azalera hartzen du, –hau da, lau futbol-zelai baino gehiago–, lurzoru urbanizaezinean, eta kategoria hauetan katalogatuta dauden lurretan planteatzen da: Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabala, Ekosistemak Hobetzeko Eremua eta berreskuratu beharreko Eremu Degradatua. Jakinarazi duenez, 2022an, Eusko Jaurlaritzak Getxoko Udalari eskatu zion HAPOn aurreikusitako eremua berriro mugatzeko, edo, eremu horri eutsiz gero, ingurumen-azterketak LPSak ezarritako erabileren erregulazioarekiko bateragarritasuna aztertzeko eskatu zion. "Bada, uztailean behin-behinean onartutako HAPOk ez du eremuan aurreikusitakoa eraldatzen (berdin mantentzen du), ezta LPSarekiko bateragarritasuna aztertzen ere, eta ez dio kasurik egiten Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren errekerimenduari", deitoratu du talde subiranistak.

Horren aurrean, EH Bilduk ohartarazi du Getxoko HAPOa "ez dela bateragarria" Hezeguneen LPSak ezarritakoagaz, eta Fadurako zabalpena aldatu beharko duela aurreikusitako eremuetan, horrek dakarren guztiarekin: "Gobernu-taldearen kudeaketa negargarri berri bat, PPren laguntzarekin, plana birplanteatzea eragin dezakeena, gutxienez zonalde horiei dagokienez".

EH Bilduren ustez, gobernu-taldearen jarduna "harroputza" da, Eusko Jaurlaritza bezalako goi-erakundeek ezarritakoa bete ere ez duelako egiten, "eta, jakina, ingurumen-inpaktuarekin lotutako eskakizunak alde batera uzten dituelako". Horren harira, nabarmendu du adibide gehiegi daudela, eta Getxoko Udalak eraikuntza eta zementua "lehenesten" dituela, "gure ingurune naturalean izan ditzakeen inpaktuak baloratu edo neurtu ere egin gabe". Izan ere, 2022ko txosten berean, dioenez, Eusko Jaurlaritzak Udalari gomendatu ei zion kontuan hartuta udalerrian dauden landaredi naturaleko eremu urriak eta lurzoru urbanizaezinak azalera txikia duela, "oso interesgarria" izango litzatekeela HAPOk ildo horretan ahalegina egitea. "Zoritxarrez, ahalegina kontrako noranzkoan doa", deitoratu du koalizioak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun