Batzorde honen gai-zerrenda herritarrek eta talde politikoek aurkeztutako 2.100 alegazio baino gehiagoren ondoren etorri den prozesu osoaren azalpenak markatu du. Alegazio horietatik, aipatutako 588 alegazioak osorik edo partzialki onartzea proposatu da, interes publikoa dutelako eta HAPO berria egituratzen duten zehaztapenekin bat datozelako. Hurrengo urratsa oso garrantzitsua izango da Udal Gobernuarentzat, dokumentua datorren barikuan, uztailaren 26an, Udalbatzak aztertu eta bozkatu beharko baitu. Bilkura horretan, Gobernu Taldeak Planaren behin-behineko onarpenari oniritzia ematea espero du. Jarraian, herritar edo erakunde bakoitzari bere alegazioen ebazpenaren berri ematen hasiko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena eman ondoren, behin betiko onartzea faltako litzateke.
Egungo dokumentura iristeko, prozesu parte-hartzaile bat garatu zen hiru hilabetez hurrengoakaz: hitzaldi publikoak/azalpen-saioak; hiru erakusketa; partaidetza digitala izateko aukera; herritarrentzako arreta erredakzio-taldearekin banakako bilerak; saioak ikastetxeetan; hiru saio Udal Plangintzako Aholku Batzordeagaz, eta dibulgaziorako hainbat material erabiltzea.
Onartzeko proposatzen diren alegazio nagusiak eta atzera botatako alegazioak
Onartzeko proposatzen diren alegazioetatik:
- 169k Zubilletako jarduketatik Salsiduko Los Puentes kaleko etxebizitzen blokeak ateratzea eskatzen dute.
- 85ek Trinitarioko lurzoru urbanizatuan Gobernu Taldeak aurreikusitako jarduketa integratua kentzea eskatzen dute.
- Trinitariokoek eta beste pertsona batzuek aurkeztutako alegazioak aintzat hartuta, 24k 100m2-tik gorako etxebizitzak zatitzeko aukera eskatzen dute.
- Gainerakoak interes partikularrei buruzko alegazioak dira.
Dokumentuak PPk aurkeztutako alegazioen % 50 aintzat hartzea proposatzen du (110 aurkeztu zituen guztira), batez ere eraikuntza eta urbanizazio ordenantzei, aparkalekuei, etxebizitzen zatiketari eta baserrien kontserbazioari buruzkoak. EH Bilduren 36 alegazioetatik 5 onartzea proposatzen da, eta Elkarrekin Podemosen 53 alegazioetatik, 6. Gainerakoak ez dira kontuan hartzeko proposatzen, batez ere lurralde-ereduaren aldaketak planteatzen dituztelako.
Atzera botatako alegazioen artean hurrengoak daude:
- 370 Getxon etxebizitza gehiago ez eraikitzeko eta 150 Hiri Antolamenduko Plan Orokorra gelditzeko eta Plana berriz idazten hasteko, besteak beste.