Joan den irailaren 26ko osoko bilkuran, besteak beste, Getxoko Udalbatzak jakinarazi zuen Udaltzaingoan beste hamar polizia-postu sortuko zituztela. Udaltzain berri horiei egingo zaien euskara-eskakizunari dagokionez, erdiek ez dute euskara-derrigortasunik izango; ildo horretan, Langileria eta Antolaketa zinegotzi Inaxio Uriartek azaldu zuen Udaleko euskara zerbitzuek hartu dutela erabaki hori, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren oniritzia jaso duela.
Keltse Eiguren Segurtasun Arloko zinegotziak erabakia babestu zuen, herriko errealitateari erantzuten diola argudiatuta: "Euskararen erabilerak arduratzen gaitu, eta horretan jarraituko dugu lanean. Baina epai judizialak daude askotariko EPEak atzera botatzen, eta ezin dugu onartu hori ere gurean gertatzea. Hartara, erabaki pragmatikoa hartu dugu, dogmatikoa beharrean". EH Bilduko Eleder Barañanok, aldiz, erabakia gogor kritikatu zuen, euskararen normalizazioan “atzerapauso nabarmena” dela argudiatuta. Era berean, salatu zuen udalerriko euskaldunen kontrako "eraso zuzena" dela: "Mota horretako jokaerak uler ditzakegu PPren partetik, baina ez EAJren izenean".
EH Bildukoek deitoratu zuten egindako proposamena azken epai judizialen ildotik doala, zeinetan, besteak beste, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek derrigorrez euskaraz jakitea, postu guztietarako euskara maila jakin bat eskatzea "neurrigabea" dela iritzita. Horren aurrean, eta euskara-zerbitzuen oniritzia izan arren, erabaki horren kontra jo zuten EH Bildukoek, normalizaziorako bidea hori ez delakoan. "Erasoen aurrean, tinko jarraituko dugu gure eskubideen alde, eta auzitegietara jo behar badugu, egingo dugu, behin eta berriz", ohartarazi zuen Barañanok.
Segurtasun falta?
Bere aldetik, Elkarrekin Podemoseko Xabier Benitok gogoratu zuen lanpostu horien sorrera Udalaren aurrekontuak onartzeko EAJ, PSE-EE eta PPren arteko akordioaren emaitza dela, eta kritikatu zuen azken hilabeteotako "segurtasun faltaren sentsazioari" aurre egiteko "partxe" bat baino ez dela, eta, "hori errealitatea izan arren", gogoratu zuen Getxo EAEko udalerririk seguruenetako bat dela eta delituek ez dutela gora egiten. Hartara, deitoratu zuen PPk hauspotutako "alarmismoari plegatu" izana. Horren aurrean, egoerari aurre egiteko eztabaida sakona aldarrikatu eta, besteak beste, udaltzainak kontratatzeko aurrekontu horregaz beste horrenbeste gizarte langile kontratatzea proposatu zuen.
Hamar udaltzain-postuen berri emateaz gainera, Inaxio Uriartek jakinarazi zuen gizarte langile bat, gizarte interbentziorako teknikari bat, ekonomiako goi mailako teknikari bat, administrazio laguntzaile bi eta administrari bat. Hamar udaltzain berriei dagokienez, kopuru horregaz, Keltse Eiguren zinegotziak jakinarazi zuen txanda bakoitzeko beste patruila bat ziurtatu ahal izango dutela.