Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hainbat auto aparkatuta Algortako erdigunean, Telletxe plazaren erdian, metro-geltokiaren parean. Dozena bat polizia, oihuka, eta pertsona bi atxikita lurrean. Biak arrazializatuak eta gazteak. Magrebtarrak, kale egoeran bizi direnak. Inguruan jendea, isilik, begira: "Zerbait egingo zuten horrenbeste polizia egoteko...", ahopean marmarka batak besteari; "bozkatutakoa gozatu!", beste batek guztiei, keinuka eta oihuka horrek, aurreiritziz betetako bat-bateko epaiketa eginez.
Azken hilabeteotan, eszena hori behin baino gehiagotan errepikatu da udalerriko hainbat puntutan, segurtasunari lotutako kezkari "erantzun bat" eman guran; batzuetan, arrazoiz; bestetan, ausaz. Izan ere, Getxon, eta bereziki Algortan, izandako liskarrek eta lapurretek, eta hainbat hedabidek eta alderdik zabaldutako mezuek, segurtasun faltaren sentsazioa handitu dute inguruan. Sare sozialetan, gainera, diskurtso hori are gehiago hauspotu da, egoeraren erantzule gisa jatorri magrebtarra duten gazteak seinalatuz eta horien aurkako jarrerak eta mezuak areagotuz.
Kaleko delinkuentzia immigrazioagaz lotu ohi da, zenbaiten ustez, pertsona migratzaileen presentzia gero eta handiagoa denean delituak areagotzen direlakoan. Hala ere, adituek ohartarazten dute ezinezkoa dela alde biak erlazionatzea; are, azpimarratzen dute etorkinen kopurua handitu den arren, delinkuentzia-tasak nabarmen egin duela behera. Ildo horretan, azkenengo datuei erreparatuz gero, Getxon, berbarako, ebasketa delituak ia % 8 txikitu dira aurtengo lehenengo seihilekoan, Ertzaintzak emandako datuen arabera. Indarkeriazko edo larderiazko lapurretak, aldiz, areagotu egin dira, 30 kasutik 49ra udalerri horretan. Erregistro horrek ez du zehazten delitugilearen jatorria, baina ez dira gutxi atoan bati seinalatzeko, mantra bat balitz bezala errepikatuta: magrebtarrak, denak zaku berean sartuta. Sare sozialetan bolo-bolo zabaltzen dira akusazio horiek, hainbat politikarik euren diskurtsoetan txertatzen dituzte eta hedabideek horien ideiak errepikatzen dituzte.
«Atzerritartasun Legea ez da berria, eta horrek markatzen ditu migratzaileen bizitzak guztiz, bai bizitzan bai lan arloan, askotariko mugak ezarriz, besteak beste»
Ana Elena Altuna, Ongi Etorri errefuxiatuak plataforma
Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformako kideak uste du mota horretako diskurtso eskuindarra instituzioetan sartu dela bete-betean eta, ondorioz, komunikabide batzuek horiek islatzen dituztela: "Inolako lotsa barik bota eta publikatzen dituzte mezuok". Horri jarraituz, gizartearen sektore batek bere egin ditu ideia horiek, gazteak berbarako, "diskurtso ofizial baten kontra egitearren" nolabait, "askotan, gainera, jakin barik zer den arrazista izatea. Izan ere, gizartea, nahi ala ez, gero eta dibertsoagoa da, eta askok Iñaki eta Niko Williams dituzte erreferentziatzat. Beraz, zer dago botatzen dituzten esaldi horien guztien atzean?", dio.
Segurtasunaren afera
Martxoko Soziometroaren arabera, Bizkaiko herritarren % 89k uste zuen bere herria segurua zela. Delituen zenbatekoari dagokionez, Ertzaintzako datuei begiratuta, aurten, ekainera bitartean, arau-hauste presentzialak kasi % 1 murriztu ziren Getxon, Uribe Kostako udalerririk jendetsuenean; are, EAEko udalerri handietako delinkuentzia-tasarik txikiena du Getxok: 10,64koa 1.000 biztanleko –Bilbokoa 27,54koa da—. Hartara, orokorrean, delituek behera egin dute, baina segurtasun gehiago eskatzen dutenen oihartzuna handia da. "Inbertsio garrantzitsua egiten ari dira halako mezuak zabaltzeko, errealitatea benetakoa baino okerragoa dela eta, errudunak bilatu nahian, inbaditzen gaituztela pentsarazteko", salatu du Altunak.
"Zer da, bada, segurtasun eza?", galdetzen du ekintzaileak. Aitortzen du lapurretak egon badaudela kalean, baina gogoratu du bestelako delituak ere badaudela, hala nola egunero jendea bere etxebizitzatik kanporatzen dituzten putre funtsek egiten dituztenak: "Horretaz ez da ezer entzuten, eta horiek bai dira lapurretak, gizartea zuzenean kolpatu eta eraldatzen dutenak. Boteredunek nahi dutenari seinalatzen diote, jendeak alde horretara begiratzen duen bitartean eurek negozioak egiten jarraitu ahal izateko".
Kopla-burukoak, magrebtarrak
Lapurreta bat kalearen erdian; labankada bat pasealekuan; borroka bat plazan. Sareak borborka, inolako testigantzarik eta ziurtasunik gabe errudun bat seinalatzen: gazte migratzaile magrebtar bat. Egunerokotasuna bilakatu da edozein ezbeharraren aurrean halako akusazioak topatzea han eta hemen. Abdelillah Ouadi eta Daoud Ouachouach gazte marokoarrek ondo dakite zer den hori: "Zerbait txarra gertatzen denean, sareetan gehienetan zabaltzen da marokoar batek egin duela, eta askotan gero ez da horrela. Asko penatzen gaitu horrek". Ouadik aitortzen du bere aberkideen artean "jende txarra" dagoela, "baina edonon bezala, eta oso gutxi dira, nahiz eta denok zaku berean sartzen gaituzten".
«Hasieran, arazoak nituen hizkuntzagaz, baina apurka jende berria ezagutzen ari naiz, eta hori garrantzitsua da»
Abdelillah Ouadi, Gazte migratzailea
Ouadi eta Ouachouach urtebete baino gehiago daramate Getxon. Gaztelera ikasten ari dira San Nikolas Zabalik elkarteari esker, eta laster ikasketak abiatuko dituzte. Aitortzen dute hizkuntza dutela zailtasun handiena gizarteratzeko, baina egindako lanari esker, apurka-apurka, gero eta jende gehiago ezagutzen ari dira. Ildo horretan, gogoratzen dute udalerriko udako jaietan parte hartu dutela aktiboki, baita urtean zehar Getxon dauden hainbat ekintzetan ere, hala nola irailaren 29an, domekan, Algortan izango den Munduko Arrozak jaian: "Oso ona da guretzat halako ekimenetan parte hartzea, jendea ezagutzeko, gu ezagutarazteko eta hizkuntza praktikatzeko bide egokia delako".
Hala ere, azpimarratzen dute bidea ez dela erraza izan, Marokotik gurera etortzeko bidaia zaila izateaz gainera, Euskal Herrira heltzerakoan kale gorrian bizi behar izan zirelako, Atzerritartasun Legearen ondorioz. "Kalean bizi nintzenean, zikin nengoen, ez nuen lekurik arropa garbitzeko eta jendeak gaizki begiratzen ninduen, lapurreta egitera nindoalakoan", deitoratzen du Ouadik; "kalean gaudenean, jendeak aurreiritziak ditu gure kontra, lapurrak garelakoan", gaineratzen du bere lagunak. Hala ere, orain, San Nikolas Zabalik elkarteari esker, Algortako apaiz-etxean bizitzeko aukera dute, eta bertan erroldatuta daude, horrek dakartzan abantaila guztiakaz. "Horri esker, garbi eta osasuntsu gaude, eta ez dugu inolako arazorik jendeagaz", azpimarratzen dute. Ildo horretan, biak bat datoz esaterakoan Getxo oso herri harreragilea dela, "oso eskertuta gaude".
«Erroldatuta egoteak ikastea ahalbidetzen dit. Gazteak gara, ikasi gura dugu eta etorkizun on bat bilatu»
Daoud Ouachouach, Gazte migratzailea
Aurrera egiteko zailtasunak
Ayoub Mazar ere marokoarra da, eta San Nikolas Zabalik elkarteko gizarte langilea eta gazteen laguntzailea. Dioenez, arrazakeriaren fokua Afrikatik etorritakoengan jartzen da, besteak beste, gurera migratzerakoan behartuta daudelako kalera bizitzera lehenengo hilabeteetan, beste migratzaile askok ez bezala: "Une horretan oso agerian zaude, arriskuan, eta egoteko, garbitzeko eta bizitzeko ziurtasunik gabe". Jatekoari dagokionez, azaltzen du jantoki sozialak daudela, baina horietara joateko itxaron-zerrenda izugarri handia dagoela edonon. Ouadik, berbarako, lau hilabete itxaron zituen jantoki sozial baterako bonua eskuratzeko.
Mazarrek deitoratzen du kale-egoeran dauden gazteek zailtasun ugari dituztela, eta egoera gero eta okerragoa dela haientzat. Aitortzen du jende "ona eta txarra" egon daitekeela, baina ulertu beharra dagoela ez direla txarrak "berariaz", eta, hartara, lagundu behar zaiela, "ez dakigulako zer-zelako arazoak dituen atzean". Era berean, nabarmendu du gurera datozen gazteak balio handikoak direla Euskal Herriarentzat, aukerak emanez gero, lanerako prest daudelako.
Ezagutza gizarteratzeko
Gorroto-oldearen aurrean, hiru marokoarrak bat datoz garrantzitsua dela elkar ezagutzea. Hala, Mazarrek azaldu du proiektu bat dutela gazte migratzaileen historiak ezagutarazteko, aurreiritziak baztertu eta hausnartzeko.