Getxo Kultura udal-erakunde autonomo berria sortuko dute, Andres Isasi Musika Eskola eta Kultur Etxea bat-eginda

Erredakzioa 2024ko aza. 4a, 10:22

Algortako Andres Isasi Udal Musika Eskola. © GETXOKO UDALA

Andres Isasi Musika Eskola eta Getxoko Kultur Etxea erakunde autonomoak bat-egitearen hasierako onespena egin zuten joan den eguenean, ohiko osoko bilkuran. Bat-egitea 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da eta, horrenbestez, erakunde bi autonomoetatik bakarra sortuko da: Getxo Kultura. Proposamena EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu zuten; EH Bilduk aurka bozkatu zuen, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen.

Goi-geruzetako depresio isolatuak Valentzian eta Espainiako Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan eragindako biktimak oroitzeko minutu bateko isilunea egin ostean, urriko ohiko osoko bilkura egin zuten joan den eguenean Getxon. Bilkura honetan, EAJ, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoakaz, EH Bilduren aurkakoakaz eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz, ontzat eman zuten Andres Isasi Musika Eskolaren eta Getxoko Kultur Etxearen xurgapen bidezko bat-egitearen hasierako onespena, zeina 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko den. Horrenbestez, bi erakunde autonomoetatik bakarra sortuko da, Getxo Kultura deituko dena.

Erakunde horren estatutu berriak direla-eta aurkeztutako zuzenketei dagokienez, onartu zituzten Kultur Etxearen Zuzendaritza Batzordean PPk aurkeztutako guztiak, eta baztertu dira  EH Bilduren sei zuzenketak eta Elkarrekin Podemosen hiruak. Hori horrela, PP pozik agertu da bere zuzenketak onartu izanagatik, besteak beste Artezkaritza Kontseiluak (eta ez Presidentetzak) izendatu dezan zuzendari kudeatzailea eta kontseilu horrek urtean gutxienez hamaika bilera izan ditzan, bai eta ordezkari politikoen gutxieneko kopuru bat ere. Aldiz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek uste dute estatutu berrien bidez eskumenak kenduko zaizkiola Artezkaritza Kontseiluari, Presidentetzaren alde, eta biek proposatu zuten herritarren parte-hartzea handitzea. Bestalde, Kultur Etxeko presidenteak adierazi zuen elkarteek Artezkaritza Kontseiluan hartu dezaketela parte, baita herritarrek oro har ere, galde-eskeak egiteko txandan. Ildo beretik, esan zuen estatutuen 20. artikuluan argi eta garbi jaso dela herritarrek parte hartzeko foroak bultzatuko direla.

EAJk eta PSE-EEk osatutako udal-gobernuaren ustez, bat-egitea, besteak beste, “aukera historikoa" da udalerriko kultura- eta hezkuntza-eskaintza sendotzeko, baliabideak optimizatzeko eta Bizkaiko kultur erreferente gisa nahiz EAEren abangoardian kokatzeko Getxo. Ildo horretan, azaldu zutenez, hauexek dira ekarriko dituen hobekuntzak: "Getxoko kultura- eta musika-politika sendotzea; bi erakunde autonomo horien nortasuna eta idiosinkrasia bermatzea; sinergiak sortzea bai sormen- nahiz kultura-prozesuan, bai gaur eguneko nahiz etorkizuneko artista getxoztarren prestakuntzan eta profesionalizazioan; baliabide arruntak optimizatzea; plangintza nahiz kudeaketa hobetzea; eta alderdi ekonomikoan ere sinergiak sortzea; izan ere, aurrekontu gehiago bideratu ahalko zaio prestakuntza, sorkuntza eta erakusketa artistikoaren zikloari, haren alderdi guztietan, eta bereziki musika-alderdiari dagokionez”.

Beste kontu eta mozio batzuk

Horrez gain, osoko bilkura honetan jakinarazi zuten 250.000 euroko kreditu gehigarria bideratu dela Algortako Felix de la Virgen Aitaren kaleko 2B eta 4 zenbakietako beheko solairuan dauden lokalak birgaitzeko, ludoteka berria egiteko, horixe adostu baitzuen Gobernuak PP taldeagaz aurtengo aurrekonturako.

Mozioen atalean, bost onartu zituzten. Horietako bat aho batez atera zuten aurrera, Elkarrekin Podemosek planteatutakoa, hau da, udal-hilerrian haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaioberrientzako dolu-gune bat prestatzea eskatzeko, hain zuzen ere, erlijio-konnotaziorik gabeko gune bat, maite duten pertsona bat galdu duten familientzako topaleku bihurtuko dena; gunea arlo horretan lan egiten duten elkarteakaz lankidetzan diseinatzeko, eta 2025eko aurrekontuko partida bat bideratzeko espazio hori behar duten lanei ekiteko.

Gainera, testigantza-izaerako beste lau mozio onetsi zituzten. Lehenengoa PPk aurkeztu zuen, San Nikolas kaleko 11. zenbakiko eraikinaren obrari lotuta ikerketa-batzorde berezia eratzeari dagokionez. Bigarrena, PPrena ere, adinekoentzako eguneko zentro berri bat sortzeko. Gobernuak adierazi zuenez, hori ez da Udalaren eskumena, Foru Aldundiarena baizik. EH Bilduk planteatutako hirugarrenak eskatu zuen Udalak konpromisoa hartzea behar diren urratsak emateko, ahalik eta lasterren Berdintasun Teknikariaren bigarren plaza bat sortzeko eta 2025eko aurrekontuan partida bat jartzeko; eta laugarrenak, Podemosek proposatutakoak, Udalak, Uribe Kostako Mankomunitateagaz duen koordinazioan, neguko aterpetxea jardunean dagoen bitartean egunero irekitzea proposatzeko.

Herritarren galde-eskeen txandan, lau pertsonak hartu zuten hitza: batek, Portu Zaharreko jaietako sokamuturra kentzea eta Getxo animaliarik gabeko jaietako udalerri izendatzea eskatzeko bizilagunen izenean, eta beste hiruk, udal garbiketa zerbitzuari eta bere lan errebindikazioei dagokienez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun