Itzubaltzeta/Romoko haurreskola eraikitzeko 612.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak Next Generation funtsen kontura

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 5a, 12:13

Haurreskola berria Romo ikastetxe publikoaren eraikin hexagonalean kokatuko dute. © GETXOKO UDALA

Obrak 2025eko udaberrian hastea eta abenduan amaitzea aurreikusten da, eta lanotarako aurreikusten diren 900.000 eurotik, gastuen zati bat estaliko dute Europako funtsek. Haurreskola 2026an martxan egongo da.

Itzubaltzeta/Romoko ikastetxe publikoaren eraikin hexagonalean kokatuko da udalerriko bigarren haurreskola, eta hori eraikitzeko obrek 612.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Europar Batasuneko Next Generation funtsen kontura. Obrak 2025eko udaberrian hastea eta abenduan amaitzea aurreikusten da, eta plaza berriak 2026tik aurrera egongo dira eskuragarri.

Mihaela Jilavu Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, "dirulaguntzak inbertsio honen zati garrantzitsu bat estaltzen lagunduko du, 2024-2027 agintaldirako gobernu-talde gisa finkatu ditugun helburuen barruan kokatzen dena, herritarren eskaera bati erantzunez. Haurreskola berri honek Getxoko familietan eragin positiboa izatea nahi dugu, familia eta lana bateragarri egitea erraztuz".

Bere aldetik, Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du haurreskola berrian 34 plaza eskaintzea aurreikusten dela, Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasunari jarraituz: 0 eta 1 urte bitarteko haurrentzat 8 plaza dituen gela bat, eta 1 eta  2 urte bitarteko umeentzat bi gela, bakoitzean 13 plaza izanik. Era berean, erabilera anitzeko gela bat, jangela, siesta-eremuak, higiene-eremuak eta "biberonia" bat izango ditu. Kanpoaldean, espazio propio bat izango du, behar bezala mugatuta eta sarbide independentea izango duena. Patio berezi bat izango du hegoaldera begira, baita orgatxoak aparkatzeko gune bat ere. Eraikinak igogailua izango du, eta irisgarritasuna bermatzeko oztopo arkitektoniko guztiak kenduko dira. Gainera, eraikina energetikoki eraginkorra izango dela nabarmendu du, kalifikazio energetiko gorena lortuko du eta "kontsumo energetiko ia nulukoa” bihurtuko da, airea girotzeko lurzoru erradiatzailearekin konbinatutako aerotermia sistema bati esker.

Zentro berri horrek, Algortakoak bezala, Getxoko Udalaren mantentze-lanak eta zaintza izango ditu, eta Haurreskolak Partzuergoak kudeatuko du, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun