Getxoko Udalak % 6ko igoera proposatu du 2025erako aurrekontu-aurreikuspenean, eta, beraz, 137.182.112 eurokoa da udal-aurrekontuaren proiektua. “Hazkunde hori, batez ere, kanpoko administrazioek Udalari egiten dizkioten ekarpenen gorakadan oinarritzen da; bai eta herritarrek kirol, kultura eta gizarte arloetan udal-zerbitzuak gehiago erabiltzeko joeran ere. Era berean, Udalak udalerriko kaleetan biltzen diren hondakinen zati handi bat saltzeko duen gaitasuna nabarmentzen da, 2024ko azken hiruhilekoan martxan jarritako zerbitzu berriaren ondorioz”, udal-iturriek adierazi dutenez. Udalak zorrik ez duen arren, 8 milioi euroraino zorpetzeko aukera aurreikusten du, "behar izanez gero, udal-instalazioak hobetzeko inbertsioak babesteko".
13.350.000 euro inbertsiotan
Proiektu honek barne hartzen ditu udal-gobernuak eta PPk 2024ko aurrekonturako adostutako hainbat puntu, hala nola 10 polizia gehiago kontratatzea –erdiak ez luke euskara jakiteko beharrik izango–, eta gizarte-laneko eta esku-hartze komunitarioko teknikari gehiago egotea; Mesedeetako kaleko aparkaleku berri bat eraikitzen hastea; eta hiri-autobusaren zerbitzu berriaren proba pilotua egin eta martxan jartzea.
Hainbat urtetarako beste proiektu bat ere jasotzen du proiektuak, Udalbatzak ia aho batez berretsi zuena: 1.585.000 euro bideratuko dira 2025ean Udal osoaren Eraldaketa Digitalerako proiektura; eta 2027ko ekitaldian amaitzea aurreikusi dute.
Gainera, 2025ean urteotan hainbat eztabaida eta kexa eragin dituen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin betiko onartzea aurreikusita dago. Hori dela eta, 3.150.000 euro bideratuko dira Etxebizitza alorrera, "HAPO berritik eratorritako Etxebizitza Plan berriak, onartzen den unetik, aurrekontu-babesa izan dezan". Horregaz batera, hirigintza-plangintzan, lehendik daudenaz gain, aldi baterako langile espezializatuak ere sar daitezkeela aurreikusten du aurrekontuak.
Herritarrek Aurrekontu Parte-hartzaileen programaren bidez finkatutako lehentasunek aurrekontuan ere badute lekua, milioi bat eurorekin.
Udal eskola publikoetako obrak 745.000 eurokoak izango dira, "eta oso zehaztuta daude, aldez aurretik ikastetxeetako zuzendaritzek eta Udalak landu baitituzte", azaldu dute iturriek.
Udal eraikinetako eraginkortasun energetikoari lotutako inbertsioetara poltsa ere aurreikusi dute: 450.000 euro Areetako Andres Isasi musika eskolan aerotermia-sistema bat instalatzeko, eta osoko bilkuretako mozioetako batean onartutakoetarako, hala nola Biotz Alai plazaren egokitzapen estetikora 140.000 euro bideratzea eta udal-hilerria hobetzea, 300.000 euroko hasierako inbertsioagaz.
Aurrekontuan aurreikusitako inbertsioak, guztira, 13.350.000 eurokoak dira. “Kopuru horretan oposizioarekin negoziatzeko aukera dago; izan ere, helburu jakinik gabe, 2.310.000 euro gorde dira irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko, eta 750.000 euro mendekotasuna duten adinekoentzako ostatuetan inbertitzeko. Aurrekontuen negoziazioaren fasean, Fadurako errugbi eta atletismoko harmailen eraikin berria bezalako proiektu handien finantzaketa bermatzeko akordioak lortzeko aukera ere proposatuko diegu oposizioko alderdiei”, tokiko gobernutik adierazi dutenez.