Ekitaldian, Amaia Agirrek magoaren lana goraipatu zuen, magia eta hizkuntza uztartzeko duen gaitasuna azpimarratuz: "Aitorrek urteak daramatza getxoztar euskaldun izatearen harrotasuna Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzen, bi aldiz magia eginez: magia euskararekin eta magia liluratzeko eta miresteko." Gainera, erakunde gisa euskarak magiaren trikimailuen emozio eta harridura berberak sorraraztea duela helburu azpimarratu zuen, hizkuntzaren bidez azaleratzen den "Getxo ezkutua" erakutsiz.
Bestalde, Tor magoak, hunkituta, eskerrak eman zituen eta magia une bat eskaini zien bertaratutakoei. Bere hitzaldian, bere artearen hausnarketa propioa partekatu zuen: "Magian, gure helburua ez da magia bera, baizik eta publikoarentzat erakargarria den zerbait sortzeko bitarteko bat izatea. Era berean, euskarak helburu zabalagoak lortzeko bitartekoa izan behar du. "
Euskara Argia Ereiten Sariaren 15. edizioak euskararen erabileran eta sustapenean laguntzen duten pertsona edo erakundeak saritzen ditu, eta atzo argi utzi zuen Tor magoaren eskuetan hizkuntzak magia bera bezainbeste txunditu eta hunkitzeko ahalmena duela.