Azaroak 25

"Guztiok batentzat" sentsibilizazio-kanpaina abiatu dute Getxon, sororitatea eta ekintza kolektiboa eskatzeko

Erredakzioa 2024ko aza. 21a, 10:29

Emakumeen arteko sororitatea eta ekintza kolektiboa sustatzea, indarkeriaren aurrean elkarri laguntzeko, eta, aldi berean, etorkizuneko Gurari Emakumeen Etxea ikusaraztea dira azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna gogoratzeko Getxoko Udalak antolatu duen "Guztiok batentzat" kontzientziazio-eta sentsibilizazio kanpainaren helburuak.

 "Kanpainak islatzen du Udalak indarkeria matxisten aurkako borrokan duen konpromiso irmoa, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen nagusia dena, eta, gainera, Getxo segurua, inklusiboa eta gizartean errotuta dagoen egiturazko indarkeriarik gabe eraikitzeko konpromisoa berresten du, era askotakoa izan daitekeen indarkeriarik gabekoa", nabarmendu dute Amaia Aguirre alkateak eta Carmen Diaz Gizarte Kohesiorako zinegotziak. Ildo horretan, kanpaina bat dator Emakundek, Eudelek, eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek sustatutako "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" lelopeko kanpainagaz, gero eta handiagoa den negazionismoaren aurrean, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duten diskurtsoen aurrerapenari aurre egiteko herritarrei eskatzen diena.

Kanpainaren euskarriak

"Guztiok batentzat. Emakumeenganako indarkeriaren aurka, ez zaude bakarrik" leloa herritarrengana iritsiko da hainbat lekutan zabalduko diren kartelen bidez, hala nola metro-geltokietan eta bus-markesinetan, sare sozialetan eta Udaleko hedabideetan.

Mezuak indarkeria bizi duten emakumeei laguntzeko sareek eta gizarte zibileko erakundeek eskaintzen duten gizarte-laguntzaren garrantzia azpimarratu nahi du.

Kanpaina ekintza kolektiborako dei gisa aurkezten da, "laguntzaren garrantziak indarkeriarik gabeko eta tratu on eta elkartasuneko harremanak eraikitzea ahalbidetzen baitu, emakumeak bakarrik senti ez daitezen", nabarmendu du Gizarte Kohesioko zinegotziak. Ildo horretan, kanpainak Gurari Getxoko Emakumeen Etxea ere ikusaraziko du, ahalduntze pertsonalerako eta kolektiborako gune irekia, udalerriko emakume guztiei babesa, harrera eta informazio- eta prestakuntza-baliabideak eskainiko dizkiena; izan ere, "elkarrekin partekatzeko eta hausnartzeko gunea izan nahi du, esate baterako beste emakume batzuekin lotzeko moduari buruz, haien adina, jatorria edo dibertsitate funtzionala kontuan hartu gabe", nabarmendu du Díaz zinegotziak.

Urtero bezala, Bozeramaileen Batzordeak Adierazpen Instituzional bat eztabaidatuko du azaroaren 25a dela, eta gainera, pankartak puntu moreagaz jarriko dira udal-eraikin nagusietan, eta azaroaren 21etik 27ra Areetako Kaia pasealekua eta zenbait igogailu publiko morez argiztatuko dira.

Udalerriko entitateek antolatutako jardueren artean, Gizatiar, Romo-Areetako emakumeen gizarte eta kultura elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu (solasaldiak, antzerkia, …) eta hilaren 25ean, bere ohiko kontzentrazioa Bizkaia Zubia plazako puntu morean, 19:30ean. Arrastian, Itzubaltzeta/Romoko eta Algortako eragile feministek mobilizazioak egingo dituzte, 19:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun