Udal-iturriek azaldu dutenez, oposizioko beste taldeek (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) aurkeztutako zuzenketa partzialak, "hitzartutako helburuak eta ekintzak alda ditzaketenez", hasierako proiektuan jasotako gainerako ekintzak aldatzeaz gain, hiru taldeek batera aztertuko dituzte. Hala, hirurek aldeko botoa emateko edo horietako bakoitzean abstenitzeko konpromisoa hartuko dute, "baldin eta jarrera hori hiru taldeen artean aho batez adosten bada. Bestela, zuzenketa horien aurka bozkatuko dute".
Akordioaren ildotik, Amaia Agirre alkateak nabarmendu du Getxoren "etorkizunerako akordio garrantzitsua" dela: "Itun honek erakusten du, beste behin ere, Getxoko herritarrekiko dugun erantzukizun kolektiboa, interes orokorrari lehentasuna emanez eta gure udalerriak dituen erronketan aurrera egiteko beharrezkoa den egonkortasun instituzionala bermatuz". Adierazi duenez, akordio honek "indartu" egiten du "elkarrizketaren eta lankidetzaren aldeko apustua". "Urrats honekin erakusten dugu, desberdintasunak izan ditzakegun arren, erantzukizun komun bat partekatzen dugula: Getxorentzat etorkizun hobe bat bermatzea”.
Bere aldetik, PSE-EEko bozeramaile eta alkateorde Carmen Diazek azpimarratu du Getxoko herritarrek ez dutela gehiengo absoluturik eman botoakaz, eta horrek erakutsi diela akordioa dela bidea. "2025erako Getxoko aurrekontua, korporazioaren %72k adostua, udalerria garatzeko funtsezko proiektu estrategikoak bultzatuko ditu, gobernu-taldearen Legegintzaldi Planaren barruan jasotakoak". Hala, azaldu du lehentasuna emango dietela irisgarritasuna hobetzeko ekimenei, hala nola arrapalak eta igogailuak, mugikortasuna hobetzeko, "hiri-busarekin eta Areetako aparkaleku publiko berri batekin, eta mendekotasuna duten adinekoei arreta hobetzeko, etxebizitza komunitarioko eta eguneko arreta-plaza berriekin”.
Bestalde, Eduardo Andrade PPko bozeramaileak nabarmendu du popularrek beti bilatzen eta bilatuko dutela "alderdiok batzen gaituena gure herria hobetzeko, bestelako desadostasunak egon arren". Ildo horretan, gaur sinatzen den akordioak, aurrekontuei egindako zuzenketak ez ezik, hainbat urteri eragiten dieten konpromisoak ere jasotzen dituela azpimarratu du, "zalantzarik gabe gure herria hobetuko dutenak eta gure hauteskunde-programaren parte zirenak”.
Oposizioan, EH Bilduk, bere aldetik, aurrekontuok "atzerakoiak" direla eta "zaharkituta" daudela deitoratu du, eta, bere ustez, ez die aurre egiten Getxok dituen "erronka eta arazo nagusiei", hala nola etxebizitza eskubideari. Era berean, salatu du hiru alderdiren "aliantza eskuindarra" finkatu dela, eta horrek "eragin negatiboa" izango duela udalerrian: "Udal-gobernuak akordioa bilatu du beste behin ere politika ultraeskuindar, arrazista eta euskarafoboak dituen alderdi batekin. EH Bildutik prest agertu gara akordioa bilatzen saiatzeko eta bide horretan 50 emendakin aurkeztu ditugu, hainbat arlotan, baina argi dago EAJk eta PSE-EEk nahiago dutela PPrekin akordioa lortu, HAPOn egin duten bezala". Hori horrela, koalizio abertzaleak iragarri du hiru "kontserbador eta atzerakoi" horri oposizioa egiten jarraituko duela, "jarrera eraikitzailearekin".
Ildo beretik, Elkarrekin Podemoseko Xabier Benito Ziluaga zinegotziak deitoratu du itun berri horrek hiru alderdi horiek osatutako "hirukoa gobernatzen duela berresten" duela. Horren aurrean, nabarmendu du bere taldeak aurrekontu-proposamenari osoko zuzenketa egingo diotela, eta hori defendatuko dutela. "Gainera, 36 zuzenketa partzial aurkeztuko ditugu; besteak beste, Mesedeetako aparkalekuko milioi askoko inbertsioa irauli nahi dugu. Azpiegitura hori ez da beharrezkoa, eta herri honetako eskola publikoaren eta gizarte-zerbitzuen alde bideratu daiteke, azken hauek gainezka baitaude". Era berean, etxejabeentzako diru-laguntza guztiak eta getxotarrentzat kaltegarria izango den HAPOra bideratzen diren partida guztiak zuzenduko dituztela iragarri du.
Akordioaren eduki materiala
Aurrekontu-proiektuak beste ekintza asko jasotzen baditu ere, 35 dira hiru taldeek adostutakoak (17, egindako zuzenketen bidez), 4 milioi eurotik gorako balioa dutenak (inbertsiotako 13 milioietatik). Azaldu dutenez, horietako batek ere ez du aurrekontu-babesik behar gaur egun, baina baliteke geroago behar izatea. Gainera, ekintza bakoitzaren kudeaketa-uneak kontuan hartuta, hitzartu dute horietako batzuk 2024ko ekitaldiaren konturako aurrekontu-aldaketakaz finantzatzea, eta beste batzuk 2025ekoaren kargura, 2025erako sartutakoez gain.
Mugikortasuna eta irisgarritasuna
1- Bidezabaleko 1. eta 2. arrapalak erabat berritzea, beheko biak: 610.000 €.
2- Salsiduko 9 arrapaletako hainbat elementu hobetzea: 1.000.000 €.
3- Ereagako igogailuaren zati bat berritzea: 150.000 €.
4- Foruak kaleko arrapala berriei buruzko azterlana eta, posible bada, legegintzaldi honetan gauzatzen hasteko konpromisoa: 10.000 €.
5- Udalerriko arrapala mekanikoen kontrola eta mantentzea indartzea.
6- Bidezabaleko arrapala bat estaltzea bideragarria den aztertzea, ez estaltzearekin alderatzeko proba pilotu gisa: 80.000 €.
7- Foru Aldundiari eskatzea autobus-markesina berriak jartzeko edo, halakorik ezean, Udalak bat jartzeko Villamonten eta San Martin kalean: 100.000 €.
8- Ereaga aldea eraberritzeko proiektu bat egitea Arriluzeko biribilgunearen eta Txomintxuko biribilgunearen artean: 50.000 €.
9- Kalean bost aparkaleku jartzea elektrolinera gisa: 50.000 €.
10- Miramar kaleko 3. fasea gauzatzea: 325.000 €.
11- Hiri-autobusa. 2024tik gauzatzeke dagoen zenbatekoa 2025era eramateko konpromisoa: 450.000 €. Benetako lehen proben hasiera.
12- Mesedeetako aparkalekua. Konpromisoa berrestea hori gauzatzeko, 2024ko aurrekontuan islatzen zen bezala eta 2025ean eta hurrengoetan ere, konpromiso-kredituen bidez: 5.500.000 €.
13- Sarrikobaso. 2024an hasitako espedientetik eratorritako jarduketakaz jarraitzeko konpromisoa, "erortzeko zorian" dagoen hiriguneari irtenbidea emateko.
14- Foruetako aparkalekuaren azterketari dagokion soberakina sartzeko konpromisoa.
15- Bizkaiko Garraio Partzuergoari (CTB) beharrezkotzat jotzen dituen metro-zatietan zarata arintzeko pantailak jartzeko eskatzeko konpromisoa. Eta baieztapen publikoa, CTBri formalki helarazi zaiola metroa udalerrian zehar lurperatzeko eskaera.
Herritarrak
16- Eguneko arretarako eta/edo etxebizitza komunitariorako eraikin berria Iturribarriko udal-partzelan: 750.000 €. Proiektua gehi obra.
17- Poligono gorrian kultura- eta gizarte-zentro berri bat irekitzea, HABen zerbitzu batzuk ere barne hartuko dituena. 2026., 2027. eta 2028. urteetarako konpromiso-kreditua: 1.200.000 €.
18- Portu Zaharreko zelaigunean agertoki bat (maskor akustikoagaz) instalatzeko proposamena, aldez aurretik bizilagunakaz eta erabiltzaileakaz prozesu parte-hartzaile bategaz: 400.000 €. Proiektua gehi obra.
19- Fadurako errugbi zelaiko, belodromoko eta atletismoko harmailak: 7,5 milioi euro.
20- Komun publiko berria Algortako Telletxe plazan: 100.000 €.
21- Hobekuntza estetikoaz gain, Biotz Alai plaza ikasketa-geletarako moduluakaz edo udal-liburutegien osagarriakaz erabiltzea: 200.000 €.
22- Udal haur-parke batean uretako elementuak instalatzea: 100.000 €.
23- Liburutegiak herritarrengana hurbiltzeko aukera ematen duten liburukutxen kopurua handitzea: 30.000 €.
24- Galean 15-20 plazarako autokarabanentzako aparkaleku baten proba pilotua: 80.000 €.
25- Merkataritzarako leihatila pilotu bat instalatzea. 30.000 €.
26- Parkour gune bat instalatzea: 50.000 €.
27- Armairuak jartzea Ereaga hondartzan: 50.000 €.
28- Parte-hartze prozesua Antiguo Golfeko bizilagunakaz, padeleko pisten estaldura nola geratuko litzatekeen ikus dezaten eta haien iritzia baloratzeko: 18.000 €.
29- Tangora etxea elkarteek erabiltzeko uztea, Gizarte Kohesioak kudeatuta.
30- Muxikebarriko txartela ateratzea eta erabilera pribaturako espazioak uztea. 2025ean kudeatzea.
31- Getxoko ikastetxeetako soberakinen azterketa egitea: 18.000 €.
32- Errekaganen proiektu baten azterlana txertatzeko konpromisoa.
33- Atseden Zerbitzua eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua berrikusteko eta hobetzeko azterketa.
34- Merkataritzarentzat diru-laguntzak:
- i) Getxo Moda 2025: 30.000 € gehiago, 80.000 €-ra arte.
- ii) Jarduera-lerroa 60.000 € handitzea eta 40.000 € gehiago gehitzeko aukera, behar izanez gero.
35- Diru-laguntza sozialak:
- i) Gurutze Gorria: 100.000 € gehiago.
- ii) AEA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) ikerketa, jaialdia: 100.000 €.
- iii) Argia: 5.000 € gehiago.
- iv) Sarekide: 17.000€ gehiago.