Getxoko Hamaikakoa aurkeztu dute musikaz eta dantzaz betetako ekitaldian

Hodei Torres · Ander Zarraga 2024ko abe. 3a, 10:19

Zapatuan, Algortako San Nikolas plaza biziz bete zuten Getxoko Hamaikakoa aurkezteko egin zuten ekitaldian; Hamaikakoa 2025eko Euskaraldian udalerriko ageriko aurpegi izango diren enbaxadoreak dira. Udalak, Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteakaz batera antolatutako jardunaldian aurkeztu zituzten kide guztiak.

Aurkezpen ofizialaren aurretik, Nebula Selektah eta Amaia Sinobasen dancehall tailerrakaz hasi zuten jardunaldia. Jamaikar musika eta dantzaren erritmoak plazaratu zituzten gorputzak mugitzeko eta giroa berotzeko. Horiei esker, kultura anitzeko esperientziaz gozatzera animatu zituzten ekitaldira bertaratutako herritarrak.

Tailerraren ostean, unerik esperotakoena heldu zen: Getxoko hamaika enbaxadoreen aurkezpena, euskararen erabilera sustatu eta herritarrak Euskaraldian aktiboki parte hartzera bultzatuko dituena, 2025eko maiatzaren 15etik 25era.

Hamaika enbaxadore horiek kultura, kirola, merkataritza edo hezkuntza bezalako esparruetatik datoz, eta udalerriek euskararekiko duten konpromisoa adierazten dute. Haien dedikazioa eta gogoa funtsezkoak izango dira pertsona gehiago beren egunerokotasunean euskaraz jarduteko anima daitezen.

Komunitate- eta jai-itxiera

Ekitaldia elkarbizitza-une bategaz amaitu zen, non parte-hartzaileek mokadu gozoez gozatzeko aukera izan zuten. Inpresioak partekatzeko, loturak sendotzeko eta Euskaraldiaren espiritua sustatzen jarraitzeko aukera izan zen: indarrak batzea euskarak eguneroko bizitzako gune guztietan presentzia irabaz dezan.

"Elkar mugituz egingo dugu" lelopean, Euskaraldiaren laugarren edizio hau beste mugarri bat izango da Getxon eta Euskal Herrian euskara hizkuntza bizi eta ohiko gisa sendotzeko bidean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun