Elkarrizketak

Mixel Ducau eta Anje Duhalde: "Muga madarikatu hori ahaztu dezagun behingoz!"

Ander Zarraga 2024ko abe. 3a, 17:17

Kontzertuagaz batera, Ducau eta Duhalde azaroaren 27an Muxikebarrin izan ziren "Errobi mende erdi" solasaldia eskaintzeko. © MAUKA MUSIKAGINTZA

Euskal tradizioko folk soinuak rock progresiboagaz eta psikodelikoagaz nahastu zituzten Anje Duhaldek eta Mixel Ducau lapurtarrek, duela mende erdi sortu zuten Errobi musika-taldearen bitartez. Azaroaren 30ean, Getxoko Muxikebarrin urteurreneko birako kontzertua eskaini zuten, Iparra Galdu Gabe ekimenaren barruan. Zelan bizi dute musikariok 50. urtemuga hori?

Zer suposatzen du urtemuga honek zuentzako?

MIXEL DUCAU: Urte asko izan dira, eta ohartu gabe pasatu zaizkigu, baina pozgarria da itzultzea.

ANJE DUHALDE: Hasi ginenetik gaur egunera arte gauzak asko aldatu dira. Alde batetik, gu geu asko aldatu gara, noski, baina guretzat kantu horiek berreskuratzea plazer bat da; gainera, oraingoan, moldaketen aldetik ukitu modernoagoetatik abiatuko gara. Horrez gain, publikoarekin berriro kontaktuan izatea guretzat oso ederra ari da izaten. Gure pentsamoldean uste genuen ez zela gauza erraza izango, baina bai Donostian bai Bilbon harrera ona izan dugu, beroa eta hunkigarria izan da; beraz, aurrera.

Euskal musika tradizionala eta rocka batzen lehenetarikoak izan zineten. Nolakoa izan zen fusio hori?

M. D.: Egia esan, oso forma naturalean atera zitzaigun. Kontzertuak baino lehen, dantzaldi batzuk egiten genituen, eta horietan rock musika ere jotzen genuen. Garai hartan, Daniel Landarteren hitzekin konposatzen hasi ginen. Gure erara egiten genuen, ezagutzen genuen moduan; orduan, kantu horiek modu nahiko naturalean ateratzen zitzaizkigun rock estiloan, nolabait deitzearren.

A. D.: Naturalki ateratzen zitzaigun gure garaiko hazia hori zelako: 60ko hamarkadako rock musika entzuten genuen, beste askok bezala, beraz, inspirazioa alde horretatik etorri zen, baina kantu tradizionalen melodia eta armonia ahaztu gabe. Uztartze hori izan zen berezia, momentuan entzuten zen musika betiko ahotsen eta joerekin nahastu genuelako.

"Muga fisikoa da, baina gure arazorik handiena ez da hori, daukagun muga intelektuala edo modala baizik, hau da, gure gogoan dagoena"

Garai horretako oroitzapen berezirik daukazue?

A. D.: Hainbat dira, elkarrizketak ez luke emango denak batzeko! Gogoratzen dut gure adineko orduko gazteek segituan onartu zutela musika hori, baina hor baziren beste batzuk egiteko molde hori batere gustuko ez zutenak, eta kritika asko jaso genituen, hori gure musika ez dela esanez; baina hori dena pasatu egin zen.

M. D.: Belaunaldi berriek segituan onartu zuten gure musika. Eta, horrez gain, nik bai gogoratzen dut orduko baldintzak nahiko eskasak zirela. Gaurko kontzertuak, aldiz, oso kontrolatuak daude, baina, garai hartan, guk lortu ahal genuen materialarekin konpondu behar ginen kontzertuak emateko.

Getxoko kontzertua Iparra Galdu Gabe ekimenaren barruan izan zen. Ipar eta Hego Euskal Herriak batzen dituzten halako ekimenetan parte hartzea zergatik da garrantzitsua zuentzat?

A. D.: Muga hori apurtu eta ahantzarazi egiten diguten ekitaldi guztietan parte hartzea oso garrantzitsua da guretzat; han zein hemen, berdinak garelako; muga madarikatu hori ahaztu dezagun behingoz!

Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko hartu-emana nola ikusten duzue gaur egun?

A. D.: Muga fisikoa da, baina gure arazorik handiena ez da hori, daukagun muga intelektuala edo modala baizik; hau da, gure gogoan dagoena. Askotan, oztoporik handiena hori da, bestela, muga gainditua dugula esango nuke, musika eta literatura munduan bai behintzat; aldiz, jende arruntak ez, muga beti baitago buruan bueltaka.

"Ez da inoiz hainbeste euskararik ikasi, baina ikerketa guztiek diote gero eta gutxiago erabiltzen dela; horrek esan nahi du gizarte-hizkuntza ez dela, momentu honetan behintzat ez, eta hartara beharko ginateke heldu"

Nola ikusten duzue euskararen egoera gaur egun?

A. D. : Musikaren aldetik esango nuke ez dagoela hain gaizki. Guk ezagutu genituen beste garai batzuetan baino hobeto gaude, dudarik gabe. Baina euskarari eta horren erabilerari dagokionez, oso kezkati gaude: ez da inoiz hainbeste euskararik ikasi, baina ikerketa guztiek diote gero eta gutxiago erabiltzen dela; horrek esan nahi du gizarte-hizkuntza ez dela, momentu honetan behintzat ez, eta hartara beharko ginateke heldu. Nik kantu batean esaten dudan moduan: «Maita, maita nazazu gutxiago, goza, goza nazazu gehiago!». Euskara maitatzea oso ondo dago, baina mintzatzen ez bada, ez du ezertarako balio.

Uste duzue euskara oraindik erresistentzia kulturalerako tresna izaten jarraitzen duela?

A. D.: Eskerrak oraindik hori den, horrela ez balitz izango, basamortu baten modukoan egongo ginatekeelako. Beraz, bai, oraindik ere tresna oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, bai musikan bai liburuetan. Orain, online diren medioen artean ere eskerrak baditugula euskarazkoak direnak ere.

M. D.: Horrela ez bada, irlandarrak edo eskoziarrak bezala bukatuko dugu: dena ingelesez egiten. Izena bakarrik geratuko zaigu, baina izanik ez.


Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldeko sortzaileak. © MAUKA MUSIKAGINTZA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun