Lehenengo emanaldian, hilaren 20an, Javier Moreno Lorenzo organista gazteak joko du; hiru egun geroago, hilaren 23an, Bilboko Lourdes Martinez sopranoa arituko da, abeslari Milango Scalan eta, beragaz batera, Pedro Guallar arituko da organoan.
Azkenik, abenduaren 29an, Xabier Andrada bibolinistak eta Andoni Andrada organistak itxiko dute zikloa; gazteak izan arren, daborduko ibilbide musikal garrantzitsua egin dutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Algortako Merklin organoa
1908an eraiki zuten, Parisko Manufacturas de Grandes Organos J.Merklin & Cie tailerretan, Algortako San Nikolas Barikoa elizarako. Garai hartan 28.500 pezetako kostua izan zuen, Jose Antonio de Uriarte y Sustachak ordaindu zuena. 2019an, parrokiako eliztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharberritu zuen. Estilo erromantikoa du, haritzezko egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazioan eraikiak. 56 notatik gorako eskuzko bi teklatu eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan hiru hauspo ditu, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat berritu direnak, bai eta elikatzen dituen haizagailu elektriko isila ere.