BizkaiBizik estazio berria du Negurin, metroko sarreraren ondoan

Erredakzioa 2024ko abe. 11a, 13:05

Neguriko metro-geltokiko sarreraren ondoan, Zarrenebarri kalean, BizkaiBiziren udalerriko 17. estazioa zabaldu berri dute. Hala, auzo honetakoa deituta, zerbitzua osatzen duten metropoli-eremuko 9 udalerrietan banatutako 81 estazio ditu bizikleta elektriko publikoak mailegatzeko zerbitzuak.

Neguriko estazio berriak 16 ainguraleku ditu, eta guztiak okupatuta egonez gero bizikleta gehiago onartzeko prest dago. Gaur goizean inauguratu dute, eta bertan izan dira Getxoko Udaleko eta Aldundiko ordezkariak. Besteak beste, Amaia Agirre alkateak nabarmendu du pauso horregaz Getxok erakusten duela "mugikortasun iraunkorrarekin konprometituta dagoela. Aitzindariak gara Bizkaian bizikletak mailegatzeko sistema bat eskaintzen, 2009az geroztik. Horregatik, Bizkaibizi funtsezko zutabea da joan-etorri seguruak, jasangarriak eta osasungarriak errazteko. Zerbitzu hau aisialdirako eta laneko joan-etorrietarako erabiltzen ari dira. Areetako estazioa, adibidez, Bizkaiko erabiliena da, Bizkaibizi metroarekin ezin hobeto osatzen dela agerian utziz. Pertsona guztiak gonbidatzen ditugu mugikortasun eredu honekin bat egitera. Bizkaibizirekin, beste urrats bat eman dugu Getxo lotuago, jasangarriago eta ingurugiroarekin bat datorrenerantz”.

Bestalde, Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatua den Sonia Perezek honako hau azpimarratu du: “BizkaiBizi bezalako ekimenekin Bizkaia jasangarriago eta konektatuago baterantz aurrera egiten jarraitzen dugu. Garraio garbi, praktiko eta irisgarri baten aldeko apustuak aukera ematen digu herritarren beharrei erantzuteko eta ingurumenarekiko dugun konpromisoa indartzeko”.

Sisteman bizikleta-kopuru gehien duen bigarren udalerria da Getxo, eta zerbitzuaren erabileraren buru da. Lehen urtean 371.366 erabilera izan ditu, "kopuru aipagarria, parte hartu duten bederatzi udalerrietan erregistratutako 1,4 milioi erabileren esparruan", arduradunek azpimarratu dutenez.

Gainera, BizkaiBizi zerbitzuan gehien erabiltzen diren 5 estazioetatik 3 Getxon daude: Areeta, lehen postuan dagoena; Bizkaia Zubia, hirugarrenean; eta Algorta, bosgarrenean.

Geraleku "nahikorik ez"

Getxok BizkaiBizi zerbitzuko 17 estazio ditu gaur egun, hala ere, oposizioko taldeek, hala nola EH Bilduk eta PPk, eta hainbat herritarrek gehiago eskatu dituzte, Arrigunagan, Portu Zaharrean eta Azkorrin, besteak beste. Azken horren harira, eskaera bete zen uztailean, Gorrondatxe hondartza ondoan ezarri baitzuten geralekua. Negurikoa ere bazen haien eskaeretako bat, eta gaurko iragarpenagaz bete egin dute hori ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun