Elkarrizketak

Javier Martin: "Beste garai bateko bizimodua islatzeko balio dutelako dira niretzat garrantzitsuak"

Ander Zarraga 2024ko abe. 12a, 13:22

Artxiboetan arakatuz eta jarraitzaileek bidaltzen dizkioten irudiei esker, Euskal Herriko argazki zaharren bilduma oparoa osatu du Javier Martin algortarrak, Return to Basque izenpean.

Argazki zaharren zaletasunak eraman zion Javier Martini Return to Basque sare sozialetako kontua sortzera. Algortar honek 27.400 jarraitzaile eta Euskal Herriko 880 argazki zahar baino gehiago ditu bere Instagrameko kontuan. "Uste dut arrakasta izan duela gure iraganagaz identifikatzen gaituzten irudiak direlako; gure aitona-amonen bizimodua nolakoa zen irudikatzen laguntzen digute eta lotura emozionala sortzen du horrek", azaldu du.

Twitterreko bere kontu pertsonalean egin zituen hastapenak, aurkitzen zituen irudi zaharrak partekatzen. Jendearengan piztu zen interesa ikusita, horretarako berariaz sortu zuen kontua: Return to Basque. "Argazki politak aurkitzen nituenez, eta jendeak interesa zuela ikusita, partekatzea erabaki nuen, baina, azken finean, nire zaletasuna bideratzeko modu bat besterik ez zen".

Sareetan XIX. mende amaiera eta XX. mende erdira arteko irudiak argitaratzen ditu Martinek, "azken argazkiak 60ko hamarkadakoak dira eta jende askok idazten dit esaten beraiek ere hor izan zirela edo senideren bat azaltzen dela erretratuetan"; izan ere, berak sortutako bilduman baserri edo paisaiak azaldu arren, pertsonak agertzen diren irudiak dira gustukoen dituenak.

Bere argitalpenetako argazkilarien artean Indalecio Ojanguren goraipatzen du: "Euskal kulturaren defendatzailea izateaz gain, mendizalea ere bazen eta Bizkaiko zein Gipuzkoako hainbat bazterretako argazki-bilduma izugarria osatu zuen; berdin dio zein galduta dagoen toki hori, seguruenik Ojanguren bertan izan zela, eta, gainera, teknikoki ere oso ona den argazkia ere izango duela". Eulalia Abaituaren lana "aitzindaria" ere izan zela nabarmentzen du, bera izan baitzen lehen emakume argazkilarietako bat. Horiez gain, Policarpo Elosegui, Gerado Lopez de Guereñu eta Pascual Marin ere aurkitu daitezke bere bilduman.

Artxiboetan aurkitutako argazkiez gain, bere jarraitzaile askok irudi zaharrak bidaltzen dizkiote, "horri esker, azkenean lortu dut artxiboetako irudiakaz batera ezezagunak diren hainbat argazkilariren irudiak ere izatea; nolabait, argazki-bilduma kolektibo baten modukoa osatzen ari naiz", nabarmentzen du.

Bitxikeria bezala, kontatu du noizbait argazkiren bat igo duela eta norbaitek bere birraitona ezagutu duela edo erretratu baten bitartez familiakoak ziren baina elkar ezagutzen ez zuten pertsona bik elkar ezagutu dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun